Herri ortuetan produktu ekologikoak bultzatuz

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 16a, 09:01

Atxondoko herri ortuak.

Herri ortuetan produktu ekologikoak bultzatuko dituztela jakitera eman zuten, joan den asteko ezohiko udalbatzarrean, EH Bilduko zinegotziek.

Gobernu taldeko kideen aldeko botoekin, herri ortuetako funtzionamendua erregulatuko duen araudia onartu zuten.

Bertan zehaztu zutenez, 3.000 metro karratu dituen eremua laster egongo da erabiltzeko moduan. Atxondoko igerileku ondoan dagoen lursailean, 50na metro karratuko 20-30 ortu egingo dituztela jakinarazi zuten.

Ordenantzan zehaztu dutenez, herri ortuetan produktu ekologikoen erabilpena bultzatuko dute, eta sasoian sasoiko landareak landatzeko baimena baino ez da egongo.

Horrez gain, herri ortuetatik lortzen diren produktuak ezin izango direla salmentarako izan jakitera eman zuten.

Arau-hausteak
Bestalde, bost urteko epean ­—horien ondoren, urtetik urtera epea luzatzeko aukera izango du Atxondoko Udalak—, herri ortuetako jabe izango direnek hainbat arau bete beharko dituzte udal instalazioak erabiltzeagatik. Esaterako, urtean 40 euro ordaindu beharko dituzte, esleitutako partzela txukun eduki beharko dute, langileen esanak errespetatu beharko dituzte, partzeletan animaliarik ezingo dute eduki...

Arau horiek bete ezean, udalak 300 eurora arteko isunak jarriko dituela, eta kasurik okerrenean adjudikatutako lurrak jabeei kenduko dizkietela jakitera eman zuen ordenantzan gobernu taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!