Arrazolako eskola zaharreko proiektua da aurtengo inbertsio nagusia

Maialen Zuazubiskar 2017ko ots. 22a, 16:00

Datorren asteko udalbatzarrean bigarren bozketa egingo duten arren, asteon egindako ogasun batzordean 2017ko udal aurrekontuak onartu dituzte Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin. 1.543.556 eurotan parekatu dituzte sarrera-irteerak.

David Cobos alkatearen hitzetan, “diru sarreren beherakadak baldintzatutako aurrekontuak egitea ez da erraza, baina, etorkizunean atzamarrak ez harrapatzeko, modu zuhurrean egiten saiatu gara”.

Aurten, inbertsioetan diru atalik handiena Anbotopeko proiektuak izango du. Arrazolako eskola zaharra eraberritzeko, 40.000 euro bideratuko ditu udalak. Bertan, taberna eta denda txiki bat jarri gura dituzte. Horrez gain, egun etxebizitza sozialak dauden eraikineko beheko lokal batean aterpetxea egiteko proiektua daukate.

EAJko kideek proiektuarekiko desadostasuna adierazi zuten batzordean, eta lanak ez dituztela inondik inora ikusten esan  zuten. “Zortzi urteren ostean, eta prozesu judizialetan egon ondoren, proiektua ez dugu alde batera itxiko”, erantzun zien alkateak. Gainera, “orain gastu bat den arren, etorkizunean herriarentzat onuragarria izango delakoan gaude”, bukatu zuen Cobosek.

Ostera, 31.863 euro Apatako kaleetan hobekuntzak egiteko erabiliko dituztela jakitera eman zuten. Esaterako, plaza eta udaletxea eremu bateratu bihurtzeko.

Bestalde, Axpeko udaletxean eta komunetan egokitzapen obrak egiteko 15.000 euro bideratuko dituzte, eta beste horrenbeste herriko argiteria berrizteko. Herriko liburutegia konpontzeko, berriz, 13.5000 euro erabiliko dituzte, eta 5.000 euro herri ortuetarako. Azkenik, 30.000 euro proiektuak idazteko gorde dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!