Herriko komunitatea saretzea du lan ildo berria Marixurrikek

Anboto 2017ko urt. 25a, 10:42
Marixurrike

Sei hilabete iraun duen hausnarketa prozesutik proiektu berri bategaz irten da Marixurrike Aisialdi Elkartea. Herritarren hartu-emanak sustatzeko zubi izan gura du, eta hori bilatzen duen ekintza multzoa diseinatu du.

“Garrantzi handia hartuko du herriko eragile eta pertsonen harremanak sendotzeak, horrela komunitate bat sortzen baita haur, guraso eta begiraleen arteko loturak sare bihurtuz”, azaldu du aisialde elkarteak bere proiektuan.

Askotariko eragileekin batu dira herritarren beharrizanak jakiteko. Gurasoen elkarteko proposamena da aurtengo nobedadeetako bat: hiru urtera arteko taldea. Aspaldiko partez adin tarte horretako umeen taldetxoa dago Atxondon. Ludoteka adin horretako umeentzat eta euren gurasoentzat bideratuko dute astelehenetan: “Gurasoen eta umeen arteko harremanak sendotzeko espazioa izan dadin gura dugu”.

Bigarren zubi lana 10 urtetik aurrerako gazteen eta Apata auzoaren beraren artekoa da. “Inguruko herrietara ikastera joatean hango lagunak egiten dituzte, eta han sortzen dira koadrilak. Herrian komunitate bat sortzea bilatzen dugu”, uste du Amaia Camuñasek.

Herri ortua izango dute
“Elikadura-burujabetza eta ekofeminismoa” bultzatzeko lan egingo dute, eta, alde horretatik, “udaletxetik laster zabalduko den herri ortuen aukerara batu gara”, adierazi du Vanesa Sanchezek. “Ortuak eskaintzen duena, ortutik lortu daitekeena umeek bertatik bertara ezagutu dezaten gura dugu”.

Udalekuak, kanpoan
Orain arteko udalekuetan ere aldaketak proposatzen dituzte. Gurasoekin batzartuko dira horiek erabakitzeko. Orain artekoak baino laburragoak, eta, Atxondon beharrean, beste herriren batean egin gura dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!