Urtarrilean zehar hasiko dituzte Atxondon plazako lanak

Joseba Derteano 2016ko abe. 21a, 09:14
Udaletxeko sarbide berria aterpetik izango da.

Plazaren eta udaletxearen artean dagoen eremua oinezkoentzako ikuspegiagaz birmoldatzeko lanak urtarrilean zehar hasiko dituzte. Udaletxeko lanak amaitzear daude, eta oporretatik bueltan ekingo diote plaza birmoldatzeari, obra horiek guztiak egiteko ardura duen Lasuen enpresako Gorka Lasuenen esanetan.

Horrela, urtarrileko lanen barruan udaletxea eta frontoi pareko plaza eremu berean batu gura dituzte. Euskalerria kalean, Taberna Txikitik bidegurutzerainoko bide zatia goratu gura dute, gune osoa maila berean geratu dadin. Horrek plazako hesiak kentzea ekarriko luke, eta aulkiak birkokatzea.

Udaletxeak sarrera berria
Udaletxeko lanei dagokienez, barrura sartzeko sarbide berri bat egin dute aterpea dagoen aldetik. Orain arte espaloira ematen zuen sarrerak. Ate horrek lehengo lekuan jarraituko du, baina itxita egongo da.  Bestalde, barruko hainbat gela zein aterpea pintatu dituzte, sarreran zeuden mailak arrapala leun bategatik ordezkatu dituzte, eta eskaileretako alfonbra kendu eta pinkya bota dute. Igogailuko lanak amaituta daude, eta datorren astean zehar martxan jartzea da asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!