Plaza eta udaletxe ingurua espazio bateratu bihurtzeko lanak hasiko dituzte

Anboto 2016ko aza. 10a, 11:00
Urak Bide taldeko Saioa Zuazubiskar azalpenak ematen martitzeneko batzorde irekian.

Apatako espazio publikoak zelan berrantolatu pentsatzeko Kale Irekiak prozesu parte hartzaileak ondorio argi bat utzi du: Apatan, plaza eta bere ingurua dira erdigunea, auzoko bihotza dira eta hango espazioa errealitate horretara moldatu beharko litzateke. Hori adierazi dute herritarrek.Bide horretan lehen urratsa emango du udalak urtea amaitu aurretik.

Udaletxeko alde batean eta kanpotik igogailua jartzen hasi ziren orain 20 bat egun. 81.000 euroetan eman dituzte lanak eta 60.000 diru-laguntzen bidez finantzatu dituzte. Gabonetarako amaituko egongo da. Lan horiek aprobetxatuz, inguruko espazioa ere birmoldatu gura dute, Kale Irekiak prozesuko ondorioak aintzat hartuz. Udaletxe ingurua irisgarritasun neurrietara ekarriko dute, mailak eta zintarriak kenduta. Horrekin batera, udaletxea eta frontoi pareko plaza espazio berean batu gura dituzte. Euskalerria kalean, Taberna Txikitik bidegurutzera arteko bide zatia igo gura dute, espazio osoa maila berean geratu dadin. Horrek plazako hesiak kentzea ekarriko luke eta aulkiak birkokatzea.

Proiektu zehatzaren zain daude egunotan. Lan horiek guztiek muga bat dute: udalaren gaitasun ekonomikoa: “Udalaren gaitasun ekonomikoak ematen duenera arte egingo dugu”, zehaztu du Dabid Cobos alkateak. Baina, lan denak —igogailua eta espazioaren berrantolaketa— batera eraman gura dituztela ere azaldu du. Horrela, aurtengo aurrekontuekin ezin bada datorren urtekoekin amaituko dituztela jakinarazi du.

Gaur egun, Euskalerria kalean noranzko bat dago autoentzat. Oraindik erabaki barik duten arren, baliteke obrak amaitu ostean goizetan autoentzako zabalik mantentzea noranzko horretan, baina arratsaldetan eta asteburuetan autoentzako iztea.

Hirubideko bidegurutzea

Kale Irekiak prozesuak Apatako espazio publikoa berrantolatzeko ibilbide-orria zehazten du.  Herritarrekin eta herriko askotariko kolektiboekin batu ostean diseinatu dute. Jasotako ideiak plangintza zehatzetan jaso eta lehentasunen arabera sailkatu dituzte, herritarrek emandako botoak kontuan hartuz. Ekintza bakoitzaren gutxigorabeherako kostua ere jaso dute. Informazio hori guztia martitzenean udaletxean egindako batzorde irekian eman zuten egitasmoa aurrera eraman duten Urak Bide taldeko kideek. Plana ez dela mugiezina eta apurka gauzatzen joatekoa dela argitu zuten.

Herritarren ustez plaza ingurua da lehentasun nagusia.  Etorkizunean errepideko alde biak —Bai Euskalerria kalea alderakoa eta bai Foruen Plaza alderakoa—  oinezkoek lehentasuna izango luketen gune komun bihurtzeko eman beharreko pausuak jasotzen ditu dokumentuak.

Plaza inguruaren ostean, Hirubideko bidegurutzea da lehentasunen zerrendan hurrengoa. Han biribilgune bat aurreikusita zegoen, baina Abadiñotik Elorriora doan saihesbide berriak trafikoa arindu duenez, aproposagoa izan daitekeen beste ekintza bat proposatu zuten: errepidearen ardatza alde batera apur bat mugitzea, Apatatik irtetera doazenek bisibilitate hobea izan dezaten.

Saihesbidea

Planak jasotzen duen beste ekintza multzo bat Apatara sartzeko saihesbidea da. Erdigunea oinezkoei begira berrantolatzeko lehentasun nagusiagaz lotura dauka, erdigunerako trafikoa arinduko bailuke. Egitasmo horren bidez, Fuchosa eta Cemosa aurrean aurreikusita dagoen biribilgunea Apatarako sarbidea bihurtuko litzateke, gaur egun Hirubide inguruan dagoen sarbidea kenduta. Horrek, eskolako futbol zelai atzetik saihesbide bat egitea eskatuko luke kanposantuko bideagaz lotuko litzatekeena. Horrela, autoak Apata atzealdetik mugituko lirateke. Plan horren arazo nagusia kostu ekonomikoa da: 300.000 bat euro kostatu daitekeela kalkulatu dute. Beraz, planak alternatibak ere jasotzen ditu: trafikoa gutxitu ezin bada, gutxienez zelan geldotu jakiteko. Erdiguneko bideari itxitasun sentsazioa ematea da aukera bat, bidearen alboan zuhaitzak jarriz eta zebra-bide zabal-zabalak gehituz.

Aparkaleku disuasorioa

Aparkaleku disuasorio bat ere jasotzen du planak, gaur egun posta zerbitzuko lokala dagoen eraikinaren atzealdean joango litzatekeena. Gaur egun herriguneetako trafikoaren %70a aparkalekua bilatzerako orduan ematen dela azaldu zuten eta aparkaleku disuasorioek horri irtenbidea eman diezaioketela.

Umeen eskakizunak: kolorea eta tobogana

Plana osatzeko prozesu parte hartzailean kolektibo askorekin batu ziren eta horietako kolektibo bat umeak izan ziren. Haiengandik hainbat ideia interesgarri eta baliagarri jaso zituztela adierazi zuten. Alde batetik, Apatari kolorea emateko eskatu zuten umeek, eraikin eta inguru denak grisak direlako. Bide horretatik, imaginazioa eta diru gutxi erabiliz, beste hainbat herritan inguruari kolorea emateko aurrera eramandako adibideak erakutsi zituzten.

Eliza ingurutik plazara jaisteko tobogan edo irrista bat egitea eta proposatu zuten umeek eta proposamen hori planean jaso dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!