Herriko garbitasuna hobetzeko beharra onartu du udal batzordeak

Anboto 2016ko urr. 6a, 12:40

Asteleheneko batzordean irten zen gaia. EAJk plazaratu zuen hainbat kexa jaso izan dituztela herriko garbitasunaren gainean. Ez da kontu berria, alde denek onartu dutenez. Dabid Cobos alkateak ere kexak badaudela eta hobetu beharreko zerbait dela adierazi du, eta udal langileen lana eraginkorragoa bihurtzeko moduren bat bilatu beharko dutela.

Udaleko brigadak dauka garbiketaren ardura. Gaur egun, hiru lagunek osatzen dute. Sasoi batean, orain 9 urte, zazpi ziren.  Baina, Atxondo lako udal txiki batentzat gehiegi zela dio Cobosek: “Nominetan udaleko aurrekontu ia osoa joaten zen. Ez zen, ez bideragarria, ez logikoa. Izan ere, Herriko beharrizanetarako gehiegi ziren”.

Orain, tamainaz antzerakoak diren beste herri batzuetako jende kopurua dute. Beharbada, hiru lagunekin “justuan” dabiltzala onartu du, baina gaur eguneko udalaren errealitateak ez duela beste bat batzeko adina ematen. Autokritika egin ostean, gizabide arazo bat ere badagoela gaineratu du. Esaterako, “jendea ohituta dago trasteak ateratzen Amankomunazgoko arduradunak noiz igaroko diren kontuan hartu barik”. Gizabidea ere jorratuko beharreko alderdia dela dio.

Herriguneko landetako belarra mozteko, enpresa bat kontratatu dute aurten, eta arlo hori hobetu dela uste du. Gainera, modu horretara, brigadakoek “denbora gehiago izan dute udan zehar beste zeregin batzuetarako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!