Taberna, denda eta aterpetxea jasotzen dituen proiektua landuko dute Arrazolan

Anboto 2016ko uzt. 18a, 09:20
Arrazolako elizaren ondoan dago sasoi batean eskola hartzen zuen eraikina.

Arrazolan eskola zaharreko eraikinari zer erabilera eman eztabaidatzeko udalak herri batzarra egin zuen joan zen domekan. Arkitekto batek aukera desberdinak plazaratu zituen, eta batzarrera batutako ia denek ondorengo aukeraren alde bozkatu zuten: behealdeko espazioa —Anbotope elkartea zegoen tokian— taberna eta denda txiki baterako erabiltzea, eta gaur egun etxebizitza sozialak dauden eraikineko beheko lokal batean aterpetxe bat egitea.

25 bat herritar batu ziren batzarrera. Proposatutako proiektu denak ardatz beretik abiatuta zeuden: “Herrira ahalik eta zabalduen egongo den tokia izatea gura dugu, elkargune bat izan dadila”, azaldu du Dabid Cobos alkateak. Bazkariak ere emateko aukera izango lukeen taberna batek helburu hori lortzen lagunduko luke. Baina negozioak bideragarria ere izan behar du; lehiaketa publiko bidez gunea esleitu ostean, kudeatzaileentzat errentagarria izan behar du. Ez dute uste tabernagaz hori bermatzen denik, horregatik, taberna jarduera zentrala bada ere, beste osagai batzuk gehitu dizkiote: tabernari lotutako denda txiki bat eta aterpetxea.

Beraz, elkargune izaera emateko hiru osagai horiekin landutako bost konbinazio desberdin aurkeztu zituzten herri batzarrean. Batzuek eraikinaren gainaldeko ludoteka lekuz aldatzea aurreikusten zuten aterpetxea bertan jartzeko, esaterako. Batzarrera batutakoek aukerarik gustukoenaren alde bozkatzeko aukera izan zuten, eta “ia denek” aukera bera hautatu zuten. Aukera horregaz, ludoteka leku berean mantendu eta aterpetxea  etxebizitza sozialak dauden eraikinaren behe aldeko lokalean egingo dute. Zazpi oherentzako lekua dago lokal horretan. Beraz, ez litzateke aterpetxe handia izango, familia eta koadrila txikiei bideratutakoa baizik.

Denda txikia, berriz, tabernako beste osagai bat izango litzateke, biak gune berean batuko lirateke, eta eguneroko beharrizanetara bideratutako produktuak salduko lituzke.

Aukera hori aurrera eramateak 85.000-90.000 euroko kostua (BEZ barik) izango lukeela kalkulatu dute. Orain proiektua idazten hasiko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!