Atx-Azpin bazkalduko dute aurten errogatibaren ostean

Anboto 2016ko eka. 30a, 12:30

Axpetarrak, urtero urtero, Larrano mendi lepoan dagoen Santa Barbara ermitara errogatiba egiten dute. Aurten, uztailaren 9an, domekan, izango da egun hori. Mezaren ostean, han inguruan bazkaltzeko ohitura izan dute orain arte. Aurten, aldiz, Axpeko Atx-Azpi soziedadean bazkalduko dute, lehenengoz.

Santa Barbara ermita Atxondoko lurretan dago, eta axpetarrek zaintzen dute auzolanean. Aspaldiko ohitura da errogatiban bertara joan, meza entzun, eta ostean han inguruan bazkaltzea. Urte askoan Asuntzan batzen ziren, baina Bizkaiko Foru Aldundikoekin eta Urkiolako Parke Naturaleko arduradunekin tira-birak izan zituzten inguru hura parke naturalaren barruan dagoelako. Han bazkaltzea galarazi egin zieten.

Ondoren, azken zortzi bat urteetan Urkiolan bazkaldu izan dute: eguraldi ona egiten zuenean pagadian, eta txarra egiten zuenean aterpean. Aterpea “tristea eta iluna da”, dio Jon Armendia axpetarrak: “Eta azken urte bietan bertan bazkaldu behar izan dugu eguraldiagatik”. Pagadian bazkaltzeko eguraldi oso ona egin behar du, bestela “gerizpean fresko egin dezake”. Ondorioz, azken urteetan jaitsi egin da bazkaltiarren kopurua: “Urteren batean 100 lagun batu ziren, eta iaz 35-40 bat izan ginen”.

Horregatik, aurten bazkaria Axpeko Atx-Azpi soziedadera tokialdatzea erabaki dute. Ekimenari aupada berri bat emateko saiakera da.

Bazkaritarako izen-emateak uztailaren 7ra arte iraungo du, eta telefono honetan egin daiteke: 667 485 164

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!