Apatako plaza ingurua oinezkoentzako gune bihurtzeko eskatu dute herritarrek

Anboto 2016ko eka. 30a, 11:30

Apatako herrigunean hirigintza arloan dauden arazoak aztertzeko, Kale Irekiak prozesua hasi zuten urte hasieran. Prozesu horretan jasotako iritziak  proiektu integral batean batu dituzte, eta, eguaztenean, Apatako jaiak aprobetxatuz, proposamen hori kalean erakutsi zuten, gura zutenei azalpenak emanez.

Proiektu osoa inbertsio batean aurrera eramatea egingarria ez denez, 11 proiektu txikitan banatu dute. Herritarrek proposamen horietan lehentasunak markatzeko aukera dute, eta, ondoren, udal kontuek ahalbidetzen duten heinean gauzatzen joatea da asmoa. Datorren asteko barikura arte udaletxean bete daitezke lehentasunak edo premia nagusiak markatzeko aukera eskaintzen duten txartelak.

Oro har, plaza “herriko bihotza” dela-eta, “inguru hori guztia oinezkoentzako gune bat izan dadila” eskatu dute, eta “har daitezela behar diren neurriak kotxeak hortik kentzeko”, dio prozesua aurrera eraman duen Urak Bide Taldeko Saioa Zuazubiskarrek.

Horrela, erdiguneko trafikoa arintzeko bidean, Arrazola edo Axpera doazenentzat sarrera Femosa ingurutik eta eskola atzealdetik bideratzea da eskaeretako bat. N-636an trafikoa erregulatuko lukeen biribilgune bat dagoeneko aurreikusita dago Femosa parean, etorkizuneko industriagunerako autoentzat ere balioko lukeena.

Trafikoa modu horretara bideratuta, erdigunea zeharkatzen duen bideko zati handi bat errei eta noranzko bakarrera birmoldatzeko aukera irekiko litzateke. Baita N-636rako bidegurutzean biribilgune bat egiteko aukera ere.

Eredu horregaz aparkaleku bat egin daiteke eskola atzealdean eta kanposanturako bidean; plaza ingurura doazenek han utzi ahalko lukete autoa, erdigunera sartu beharrik gabe.

Bizikletentzako bidegorri sarea osatzea eta berau Apata erditik igarotzea da prozesutik eratorritako beste proiektu bat. Izan ere, “mugikortasun jasangarria bultzatu gura bada, ezin da atzealdetik eta albotik igaro. Biderik zuzenena erdigunea da”, dio Zuazubiskarrek.

11 proiektuak jasotzen dituen irudia:

 

Atzo Apatan panel informatiboak jarri zituzten eta herritarrei azalpenak eman zizkieten:

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!