Txopoa igota eta txupinazoa jaurtita hasiko dira jaiak Apatan

Anboto 2016ko eka. 27a, 13:45

Jaien hasiera ofiziala bihar izango da. Martitzenean, 17:30ean, txopo txikia apainduko dute gaztetxean. 19:00etan txopoa igoko dute, txistulariek girotuta. Aurtengoan, txistulariek botako dute txupinazoa.

Jaietako nobedadeen artean, Marixurrikek antolatutako flash mova dago. Ludotekako umeekin eta gurasoekin prestatutako dantza grabatuko dute, uztailaren 1ean. Ondoren, tortilla eta bakailao txapelketak izango dira. Gaua Oxabi taldeak girotuko du. Galdakaoko taldeak iaz ere hartu zuen parte Apatako jaietan, eta aurten ere gonbidatzea erabaki du jai batzordeak.

Kataluniatik Apatara
Kataluniako Les Diables de La Granada taldea aurtengo jaietako beste berrikuntzetako bat izango da. Uztailaren 2an umeentzako tailerra emango dute La Granada herriko taldeko kideek. Gauean, berriz, katalanek emanaldia eskainiko dute. Sua eta piroteknia dira katalanen ikuskizuneko indarguneak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!