Kale Irekiak prozesutik irtendako hirigintza proposamenak jaietan aurkeztuko dituzte

Anboto 2016ko eka. 23a, 11:24
Kale Irekiak prozesuaren barruan egindako batzar bateko irudia.

Datorren eguaztenean, San Pedro egunean, egitasmo guztien erakusketa egingo dute plazan.

Urte hasieran Kale Irekiak izeneko prozesuari ekin zioten. Apatako herrigunean dauden hirigintza arloko arazoak (irisgarritasuna, aparkalekuak, oinezkoen guneak...) herritarren artean aztertzea, hausnartzea eta konponbideak proposatzea izan du helburu.

Lan hori amaituta dago eta datorren astean herritarren artean aurkeztuko dituzte ondorioak eta proposamenak. Apatako jaien barruan izango da, datorren eguaztenean, San Pedro egunean: “Prozesuaren aurkezpena kalean egin zen, umeek ere lanketa txukuna egin zuten kalean eta, amaitzeko, proiektu guztien aurkezpena ere kalean egingo dugu”, diote udal arduradunek. Eguerdian eta arratsalde-iluntzean Apatako plazan egitasmo guztien erakusketa ipiniko dute paneletan eta herritarrei lehentasunak zehazteko inkesta emango zaie, preminazkoenak edota gogokoenak aukeratu ditzaten. Hurrengo egunetan ere panelak ikusgai egongo dira eta gura duenak inkestak eskuragarri izango ditu udal bulegoetan.

“Herritar guztiek aukeratutako hurrenkera jarraituta, eta gastuari aurre egiteko modua dagoen neurrian, Udalak urtero ahal diren proiektuak gauzatzeko konpromisoa dauka. Aurtengo aurrekontuan ere diru partida bat gordeta dago horretarako”, azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!