Agustin Leturiaga: "Arrazola Kili-Kiliren kabia izan zen zelanbait, eta hori islatu gura izan dugu"

Anboto 2016ko eka. 19a, 10:00

Jose Antonio Retolaza (Bilbo,  1929-2014) omendu dute Arrazolan. Kili-Kili pertsonaia eta izen bereko aldizkariaren sortzailea izan zenak —eta ohorezko euskaltzaina—, lotura berezia izan zuen Arrazolagaz. Abade aritu zen bertan. Agustin Leturiagak mutikotan ezagutu zuen, eta haren euskalzaletasua eta gertutasuna ditu gogoan.

Jose Antonio Retolaza hartu duzue gogoan Arrazolan.  
Hala da. Auzolanean berriztatu dugun Urtzillo errotaren alboan egin genuen ekitaldia. Urtzillo iturburua dago alboan. Garai bateko Arrazolako plazako iturriko ur-emaria hangoa zen. Orain, elizaldeko etxoste batean dago jarrita iturri haren harria —alboan du uraska ere—. Izan ere, frankismo garaian kendu egin zuten iturri hura, eta Francoren omenez beste bat ipini zuten. Gaur egun ez dago hori. Etxostean dago iturri zahar hura.

Nortzuk elkartu zineten?  
Jose Antonio Retolazaren familia eta Lander Gallastegiren familia egon ziren gonbidatuta. Bi horiek sortu zuten Kili-Kili eta, aurretik, Arrazolako eliza berriztatzen ibilitakoak izan ziren biak. Arrazolako parrokoa zen Retolaza, eta Gallastegi arkitektoa. Azken horrek diseinatu zuen Urtzillo errotaren alboan jarri dugun harria ere — Kepa Barañanok egin duena— ; Kili-Kili aldizkarian azaltzen den komiki bat da, eta hortik hartu dugu. Modu horretan, Kili-Kiliren kabia moduan aurkeztu gura izan dugu Arrazola.

Hala izan zen?  
Retolazak ez zuen Kili-Kili sortu Arrazolan abade zela. Geroago jaiotako pertsonaia da, San Antonen jardun zuenean sortu zuen. Retolaza Bilbotik etorri, eta Arrazola moduko herri oso euskaldun bategaz izandako harreman horrek, uste dugu, zuzenean eragina zuela berarengan. Zelanbait, Arrazola Kili-Kili aldizkariaren kabia izan zela uste dugu; hori islatu gura izan dugu. Euskal zaletasunaren iturria sinbolizatu guran jarri dugu harria Urtzilloko iturburuaren alboan. ‘Errota zahar maitea’ abestia gogoan hartuta egin dugu ekitaldia Urtzillon. Kultura arloan guretzat zer izan den erakutsi gura izan dugu.

2002tik ohorezko euskaltzain, idazlea eta umeak euskaraz alfabetizatzeko tresna izan zen Kili-Kili aldizkariaren sortzailea mutikotan ezagutu zenuen. Nola gogoratzen duzu?
Bera Arrazolan abade zela joan ginen gu seminariora, Deriora. Mutikoa nintzen ni, 10-12 urtekoa. Hala ere, beragaz harremana mantentzen jarraitzen genuen. Desberdina zen. Aurretikoak eskuan muin egitekoak-eta ziren. Dena aldatu zen bera Arrazolara etorri zenean. Neskato-mutikoekin egotekoa zen, eta euskararekiko zuen zaletasuna geure egin genuen: Bilbotik etorritako batek guk euskaraz zelan egiten genuen jakin gura zuen... pedagogikoki ere uste dut guretzat garrantzitsua izan zela. Beragaz ezpatadantza ere ikasi genuen, taldea osatu  genuen. Nagusitxoagoak ginela ere, hainbat ekintza egiten genituen euskaran sakontzeko, alfabetatzeko batez ere. Gero, San Antonen (Bilbo) abade zegoela ere seminarioan tutore moduan ere izan nuen aldi batean. Bilbon Kili-Kili jaio zenean gu laguntzen joaten ginen, irteerak antolatzen, herrietan ekitaldiak antolatzen... Horrelakoetan laguntzen genuen.

Aurten 50 urte beteko dira Kili-kili sortu zela. Retolazaren omenez jarritako harrian ‘Jose Antonio Kili-Kili’ jarri duzue.
Bai. Aipatu moduan Euskal Herri osora zabaldu zen argitalpen hori, aurrera eramateko kemen hori hemen sortu zitzaiolakoan. Kili-Kiliren kabia izan zelakoan. Bilbon ere erakusketa dago zabalik Kili-Kili argitalpenari buruz.

Mundu osoan meza euskaraz lehenengoz Arrazolan eman zen, Retolazak sustatuta, ezta?
Bai. Berak eta Klaudio Gallastegik; harreman handia zuten. Bertan egon nintzen neu ere. Francisco Ballester Vieuk eman zuen, bizantziar-melkita errituan. Vatikanoko II. kontzilioa baino lehen izan zen. Hori gogoratzen duen inskripzioa ere badago elizan. 2002an jarri zuten.

57 urte beteko dira ekainaren 21ean. Bertan egon zinen. Nola gogoratzen duzu?
Mutikoak ginen gu. Dantzan ere egin genuela uste dut. Gu euskaraz bizi ginen; hitanoa ere erabiltzen genuen, eta horrek harritu egiten zuen Retolaza. Euskara oso bizi ikusi zuen Arrazolan, eta hunkituta bizi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!