IGEk herriko hezkuntzaren alde apustu egiteko eskatu dio udalari

Anboto 2016ko mai. 16a, 08:52

2016ko irailean Atxondoko Haur Eskolak ateak irekiko ditu berriro ere, bost umerekin.
Azken egunotan, Haur Eskolaren irekierak eta aurrekontuetan onartutako diru partidak zeresana sortu dute herrian.

Atxondoko Eskolako Guraso Elkartekoek (IGE)  prentsa ohar baten diotenez, “udalak urtarriletik jakin du matrikula nahikoa zeudela. Baina, aurrekontuetan ez zuen diru partidarik sartu Haur Eskolako eraikina irekitzeko”.

Gainera, herri ortuak Haur Eskolaren “aurretik” jartzen dituela  salatu dio IGEk Atxondoko Udalari. Horrez gain, Atxondoko Eskolako Guraso Elkartekoek gaineratu dute bere “lehentasunak” aldatzeko eskatzen diotela udalari, eta herriko hezkuntza sistemaren alde apustu egin dezala.  

Udalaren erantzuna
Atxondoko Udalak, berriz, IGEren idatziaren inguruan ondorengoa adierazi du: “Eskolari dagokionez, udalak duen ardura bakarra azpiegiturez arduratzea da, eraikinen jabe garen heinean. Hala ere, Atxondoko Udala beste hainbat kontuz ere arduratzen da”, adierazi dute udalekoek.

Gobernu taldekoek diotenez, Euskal Autonomia Erkidegoan Atxondo udal “bakarra” da duela 15 urte ingurutik langile bat kontratatuta duena bi-hiru urteko gelan eta jantokian laguntzaile moduan aritzeko, beraz, “bidegabekoa” dela diote herriko hezkuntza sistemaren aldeko apusturik egiten ez dutela esatea.

Horrez gain, udalak gaineratu du, gero eta “urriagoa” den dirua  atxondoar “guztiena” dela, eta herritarren “premietara” bideratuko dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!