Gaztetxoak sukaldari, jateko ohitura sanoak erakusteko

Anboto 2016ko api. 5a, 11:08
Argazkia: Marixurrike

Arrazolako Erlaunpe elkartea 12 gaztetxoren sukalde bihurtu da Aste Santuan

Ondo pasatuz, ikastea. Entretenimendua eta balioak uztartzea. Horixe izan dute helburu Marixurrike aisialdi elkarteak Aste Santuan lehenengoz antolatutako udalekuek. Herriko 12 gaztetxok sukaldari lanetan eman dituzte aste honetako astegun goizak, Arrazolako Erlaunpe elkartean. Osagai denak herriko dendetan erosi dituzte, eta plateren aukeraketa ere ez da kasualitatea izan: “Jateko ohitura orekatu eta sanoak landu gura izan ditugu gaztetxoekin”, dio Arantza Rodriguez Marixurrikeko begiraleak.

Era berean, herritik irten beharrik barik, Atxondon bertan beharrezko elikagai denak erosteko aukera badagoela erakutsi diete gaztetxoei: haragia, barazkiak, fruta, arraina…

Udan telebista zuzendari
Udaberriko udalekuen digestioa egiteko astirik barik, Marixurrikek dagoeneko prest dauka eskaintza udara begira. Uztailaren 4tik 22ra egingo dituzten udalekuetan, gaztetxoen sormena elikatu gura dute. Horretarako, adin tarteetan banatuta, telebista edo zinema zuzendari bihurtuko dituzte. Gaztetxoenek —3-6 urte artean—  istorio bat sortuko dute marrazkien bidez. 6-10 urte artekoak film labur bateko zuzendari izango dira: gidoia sortu, eta kameragaz grabatuko dute. Azkenik, 10-14 urtera artekoek telebista saio bat grabatuko dute, saioko protagonistak atxondarrak direla. Hiru lanak udalekuetako azken egunean estreinatuko dituzte.

Udaleku osoko prezioa 90 euro da; aste bikoa 70 euro eta astebetekoa 40 euro. Maiatzaren 27ra artekoa da izena-emateko epea, email bidez, besteak beste: marixurrike@gmail.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!