Atxondoko AHTaren tartearen gaur eguneko egoera azaldu die alkateak herritarrei

Anboto 2016ko urt. 13a, 13:04

Udalbatzar aretoa ia bete egin zen desjabetzeek eragindako atxondarrekin. Udalak orain arte emandako pausuak eta aurrera begirakoak azaldu zituen eta desjabetze prozesuan daudenei askotariko informazioa eskaini zien.  

“Gobernuak AHTa egiteko eskumena du. Lege aldetik eskumena eurena da. Baina guk egin dezakeguna da sortzen diren zalantza denak mahai gainean jartzea eta legea behar moduan bete dadin saiatzea”. Dabid Cobos alkatearen berbak dira Atxondoko Udalak gai honen gainean duen jarrera azaltzen du. Interes orokorra oinarri hartuta, Gobernuek aurrera eramaten dituzten proiektu erraldoiek herritar askoren norbanako interesei eragiten diete eta sarritan askotariko legeen eta euren eraginen amaraunean galduta aurkitzen dira, babesgabe. Barrunbe konplikatu horretan herritarrak euren interes eta eskubideen jabe izan daitezen saiatzen ari da udala. Bere sasoian, desjabetzeek eragiten dieten 40 bat herritarrei alegazioak jartzeko aholkularitza eskaini zien, atzoko batzarrean egoera orokorraren gaineko azalpenak eman zituzten eta urtarrilaren 27an udal teknikariagaz batzeko aukera izango dela jakinarazi zuten.

Iazko abenduan desjabetze aktak sinatzera deituta zeuden proiektuak eragindako herritarrak, baina Dabid Cobos alkateak ez zituen sinatu. Horretarako arrazoiak emanez hasi zuen atzoko batzarra. Esaterako, herritarrek zein udalak egindako alegazioak ez dituztelako erantzun. Batzarretik arrazoi denak jasotzen dituen txostena besapean hartuta joan ziren, baina “ekitaldia bertan behera geratu zenaren aktarik jaso barik”. Seguruenik aktak sinatzeko hurrengo deialdia Espainiako Gobernuak Bilbon duen delegaritzan egingo dute otsailean. Aktak sinatzeko bigarren deialdia Bilbon deitzea askotan errepikatzen duten prozedura da, baina “legeak ez du inon jasotzen Bilbon egin daitekeenik, ezta udaletxean bertan ere; legeak jasotzen du aktak desjabetzen diren lurretan bertan sinatu behar direla”.

Desjabetutako lurrak… eta gehiago

Proiektuak desjabetu gura diren lur zatiei baino eremu zabalagoari eragiten dio, baina ez dago txostenean jasota, berez ez direlako desjabetzen. AHTaren trazatu osoan, bidearen alde batera zein bestera, bide-zor guneak eta eragin guneak deritzenak daude. Lehenengoak trazatuaren albo bietako 20 metroei eragiten die eta bigarrenak 50 metroei. Lur horietan, besteak beste, ezin da eraiki edo eraikitakoa eraberritu. Eta beste hamaika kontu. Azken batean, “lur horiei muga asko jartzen dizkiete eta hori ordaindu egin beharko litzakete”. Horretan saiatuko da udala desjabetzeek eragindako udal lurretan eta eragindako herritarrei ere bide hori aurrera eramateko argibideak eskaini zizkien. Edozelan ere, urtarrilaren 27ko eguaztenean, 09:30etik 19:30era, udal teknikaria herritarren dudak argitzen eta aholkularitza eskaintzen ibiliko da udaletxean. Hori bai, ordua aurretik hartu beharra dago udal bulegoetan. Atzoko batzarrean esandakoak jasotzen duten idatzi bat ere eskuragari egongo da gura duenarentzat.

Ingurugiroari dagokion txostena iraungita

Udala aztertzen eta lantzen ari den beste gai bat AHTaren trazatuko ingurumen-inpaktu azterketari dagokio. Udalaren ustez iraungita dago. Azterketa 2.000. urtekoa da eta ez du iraungitze datarik, baina 2008an ingurumen-inpaktu azterketak erregulatzen dituen legeak ezarri zuen azterketa horiek egin eta bost urtera iraungitzen direla. Beraz gaur eguneko errealitatea eta legedia jasoko dituen beste azterketa bat beharrezkoa dela uste du udalak.

Gainera, azterketak jasotzen dituen lur eremuak ez datoz bat gaur egungo trazatuarekin. Izan ere, inpaktu azterketa 1997ko txostenean jasotzen den trazatuan oinarrituz egin zuten. Baina 2011ko eraikitze-proiektuan —gauzatu gura dena— trazatuan hainbat aldaketa ikus daitezek: esaterako, 1997koan bost tunel aurreikusten ziren eta 2011koan bat ere ez; biaduktuetan ere aldaketak daude: haiseran bi ziren eta gero sei, eta gainera garaiera handiagokoak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!