Atxondon udal etxebizitzetarako sarbidea malgutu dute

Anboto 2016ko urt. 12a, 10:43

Eskaera egin dutenek, edozein mailatakoak izanda ere, etxebizitza mota denetarako sarbidea izango dute.

Atxondoko Udalak lau etxebizitza publiko ditu Arrazolan: gela bateko bizileku bi, eta, bi eta hiru gelako bana. Iazko irailean bi gelako bat hutsik geratu zen. Udalak hautagaientzako izen-emate deialdia ireki eta zerrenda osatu zuen, baina denek logela bateko bizilekurako eman zuten izena.

Beraz, irailetik bizileku bat hutsik dago eta hautagaiek ezin zuten bertara sartu. Horrelako egoerak ekiditeko udal etxebizitzen ordenantza moldatu dute, baldintzak malgutuz. Hemendik aurrera, etxebizitza bat hutsik badago eta ez badago maila horretako hautagairik zerrendan, aukera izango dute etxe horretara joateko beste maila batzuetan daudenek. Beti ere, goitik beherako lehentasuna jarraituko dute. Horrela jasotzen du ordenantzari gehitu dioten artikulu berriak. Edozein kasutan, ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa azkenean esleitutako etxebizitzaren araberakoa izango da, ez hasieran izena emandako mailakoarena. Zenbatekoa zehazterako orduan eskatzailearen diru sarrerak kontuan hartzen dira.

EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten aldaketa. EAJ abstenitu egin zen. EAJko Gorka Garatek aldaketa horren asmoa eta xehetasunak aurretik eurei jakinarazi ez izana salatu zuen. Dabid Cobos alkateak gogoratu zion udaleko ateak irekita dituztela nahi dutenen bertaratu eta gura dutenari buruz galdetzeko. Gogoratu behar da gaur egun udalak batzorde bakarra duela. Iaz batzordeak herri batzar informalengatik ordezkatzea erabaki zuten, udal kudeaketa arintzeko eta herritarren parte hartzea errazteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!