Alkateak AHTko desjabetza aktak sinatu barik joan dira Gobernuko delegatuak

Anboto 2015ko abe. 15a, 17:53

Dabid Cobos alkateak ez ditu desjabetze aktak sinatu eta Udalak sartutako alegazioen idatzia eman die. Hurrengo deialdia Espainiako Gobernuak Bilbon duten delegaritzan deituko dutela iragarri dute delegatuek.

AHT Gelditu Elkarlanak deituta elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean. 40 bat lagun batu dira ‘AHT Gelditu’ zioen pankartaren atzean. Handik gutxira ertzain bat gerturatu zaie 19 lagun baino gehiagoko elkarretaratzeak baimena behar dutela adieraziz. Beraz, han batuta zeudenak bi-hiru taldetan banatu dira. Bitartean, Gobernuko lau-bost delegatuak udaletxetik 30 bat metrora geldi zeuden, ertzainekin zerbait kontsultatzen. Ertzain bat udaletxera sartu eta segituan irten da; delegatuei zerbait jakinarazi eta hauek udaletxera sartzea erabaki dute elkarretaratuta zeudenen txistuen artean. Ondoren, ertzain batek argitu du zergaitik zeuden dudatan: “Ez zekiten alkatea barruan zegoen edo ez; telefonoz deitu dute eta ez ei die inork hartu. Beraz, han zegoen ikustera joan gara”. 15:55 ziren eta Dabid Cobos alkatea 15:30etatik zain zuten udaletxean.

Lurjabe baten kasua

Delegatuak eta alkatea azken honen bulegoan batzartu dira ordulaurden inguruan. Bitartean, harreran lur jabe bi zain zeuden. Etorri diren lurjabe bakarrak izan dira. Badaezpada etorri dira. Artia baserriko —Artia industrigunean— Julio  Arteaga zen euretako bat eta bere testuingurua kontatu du kazetariek galdetuta. 5.000, 600 eta 200 metroko lurzati bana desjabetu gura dizkiote Memaia inguruan. Alegazioak sartuta ditu. Alegazioei erantzun barik sinadurak jasotzera etortzea ez zaiola egokia iruditzen adierazi du.

Batzarraren osteko azalpenak

Batzarra amaitu eta delegatuak segituan joan dira. Dabid Cobos alkateak eman ditu azalpenak. Udalaren ustez desjabetza prozesuan ematen diren irregulartasunak jasotzen dituen idatzia eman diete delegatuei. Batetik, deialdian izandako formazko akatsak jaso dituzte; deialdia jabe bakoitzari banan-banan egin beharko zitzaiola uste dute. Partzelen gainean, udalaren hainbat bide publiko desjabetu gura dituzte eta legeak dio bide bat desjabetzerakoan alternatibak eman behar direla bizilagunentzako. Baina ez dute alternatibarik eskaini eta horixe jasotzen du beste alegazio batek. Prozedurari dagokionez legeak aukera bi eskaintzen ditu: urgentziazko desjabetza eta prozedurazkoa. Udalak uste du urgentziazko prozeduraren beharrik ez dagoela. Horiek dira alegazioetako batzuk.

Desjabetza akten hurrengo deialdia Espainiako Gobernuak Bilbon duen delegaritzan egingo dute datorren urte hasieran; seguruenik urtarrilean edo otsailean.

Abadiño-Atxondo AHT arteko lanak urte hasieran atera zituzten lehiaketara eta orain hile batzuk esleitu zituzten.

 

Ertzainaren abisuaren ostean, elkarretaratzean batutako jendea bi-hiru taldetan banatu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!