Lur-jabeen alegazioak erantzun barik, AHTaren desjabetzak sinatzeko deialdia Atxondon

Anboto 2015ko abe. 14a, 11:01
Apatako Maisuen Etxea deitzen denaren gainetik joango litzateke Abiadura Handiko Trena.

Dabid Cobos alkateak ez dituela sinatuko dio: “Alegazioak erantzun barik desjabetza aktak sinatzera etortzea errespetu falta eta irregularra da”. AHTaren kontrako mugimenduak elkarretaratzea deitu du bihar, 15:30ean, udaletxe parean.

Abiadura Handiko Treneko tarte batek Atxondo zeharkatzen du. Beren lur zatiak AHTaren ibilbidean dituzten 40 atxondar desjabetza aktak sinatzera deituta daude bihar arratsaldean eta eguazten goizean Atxondoko udaletxean. Aktek, baliozkoak izan daitezen, hiru sinadura behar dituzte: jabearena, desjabetzara datorrenarena eta udalarena. Dabid Cobos alkateak iragarri du ez dituela sinatuko. Izan ere, lurjabeek zein udalak berak egindako alegazioek ez dute erantzunik jaso: “Ez ditugu sinatuko ez trenaren aurka gaudelako bakarrik, baita mahai gainean erantzunik jaso ez duten legezko hainbat arazo daudelako ere”.

Orain hile bi inguru desjabetu nahi zituzten lurzatien zerrenda publikatu zen. Ondoren, udalak lurjabe denekin batzar bat deitu zuen. Informazioa eman eta udal teknikariekin egoera aztertzeko eta alegazioak prestatzeko aukera eskaini zuten. Hainbat herritarrek landu zituzten alegazioak. Udalak berak ere bai, desjabetu gura diren lurzatien artean udalaren jabetzakoak direnak ere badaudelako: “Gaur da eguna erantzun bat ere jaso ez duguna. Hori, lehenengo eta behin, nahiko irregularra da eta, beste alde batik, errespetu falta da. Alegazioak erantzun barik aktak sinatzera etortzeak  babesgabetasun egoeran uzten ditu bai lurjabeak eta bai udala”, azaldu du Cobosek. Egoera “lotsagarria” iruditzen zaio eta biharko deialdia “antzerki” bat dela dio. Aktak ez ditu sinatuko, baina “han egongo naiz eta alegazioak berriro emango dizkiegu”.

Ondoren, zer? Aurrekariak kontuan hartuta, aktak bertan behera utziko dituztela aurreikusi daiteke eta, beharbada, hemendik hilabete ingurura deialdi berri bat egingo dute Bilbon: “Guk argi dugu aurre egiten jarraituko duguna. Epaitegira joaz edo ikusiko dugu zelan. Argi dagoena da alegazioekin jarraituta ez dela gauza askorik lortzen erantzun ere ez dutelako egiten”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!