Udalak beharrezko ikusten du herri bideen inbentario bat izatea, sarritan arazo eta zalantzak egoten direlako herriko bide ezberdinen jabetza dela-eta edo berauetatik igarotzeko eskubideen harira. Inbentarioa eginda, bide publikoak zeintzuk diren eta bide bakoitza mantendu eta konpontzeko ardura nork daukan zehaztu gura dute.
Inbentarioa egiteko zereginean udalarentzako lanean ari den enpresak eginda dauka bideen inbentarioaren zirriborroa eta hiru tokitan ikusgai dago: Udaletxe ondoan, Axpeko elizpean eta Arrazolako elizpean.
Gaiari buruzko informazioa jaso eta ekarpenak egin gura dituzten herritarrek izena eman behar dute udal bulegoetan eta hitzordua emango zaie txostena egin duten teknikariekin batzartu daitezen. Izen-ematea abenduaren 11n amaituko da. Ondoren, hitzorduak abenduaren 14tik 19ra bitarteko asterako emango dira, goizez zein arratsaldez. Herritarrek hasierako zirriborroari egiten dizkieten ekarpenen eraginez egin beharreko aldaketak eta zuzenketak egin ostean, udalbatzak inbentarioaren hasierako onespena egin beharko du eta, ondoren, ados ez dauden herritarrek aukera izango dute, onespena BAOn —Bizkaiko Aldizkari Ofizialean— argitaratu ostean, alegazioak aurkezteko.