Atxondoko azoka nekazaritza eta artisautzaren inguruko 42 postuk osatuko dute domekan

Anboto 2015ko abe. 3a, 11:53

Iaz baino 13 postu gehiago egongo dira aurten. Nobedade moduan, taloen postuan atxondarrak ibiliko dira taloak egiten.

Domekan Atxondoko Nekazaritza eta Artisautza Azokaren 19. aldia antolatuko dute. 10:00etatik 14:30 ingurura 42 postu —21 artisautzakoak eta beste hainbeste nekazaritzakoak—  ipiniko dituzte Euskalerria kalean, plazan eta frontoian. Aurten iaz baino 13 postu gehiago izango dira. Ekoizle askok erakutsi dute azokara etortzeko interesa eta ahalik gehienei tokia egiten saiatu dira. Hamar-hamabi bat postu atxondarrenak izango dira. Gainerakoak Durangaldekoak zein eskualdez kanpokoak (Donostia, Bilbo…) dira.

'Made in Atxondo’ taloak

Jana-edanerako aukera ere egongo da domeka goizetik eguerdira. Urtero legez, udaletxe azpian kokatuko duten taloen postuak urdaiazpiko eta txistorra otartekoak eskainiko ditu. Aurten arte, herritik kanporako jendea ekartzen zuten taloak egitera. Aurten, ordea, egindako talo denak atxondarrenak izango dira. Taloak egiten ikasteko ikastaro bat egin zuten Atxondoko elkarte gastronomiko batean. Saio bi egin dituzte azken asteetan eta bakoitzera 20 bat lagun batu dira. Ikastaro hori egin duten atxondar batzuek hartu dute aurten taloen postua aurrera eramateko ardura.

Frontoi  inguruan Lumagorri oilaskoen postu bat ere egongo da.

Argazki lehiaketako irabazleen sari banaketa

Atxondoko Udalak argazki lehiaketa antolatu dau 2016ko egutegian agertuko diren argazkiak aukeratzeko. Epaimahaiak aukeratu ditu onenak eta sariak Nekazaritza eta Artisautza Azokan banatuko dituzte. Irabazleek udaletxeko balkoian jasoko dituzte sariak, 13:00etan.

Argazki-multzo onenaren saria Ibon Gorrotxategi atxondarrak irabazi du eta argazkirik onenarena Victor Uriartek. Herriko argazkirik onenaren saria, berriz, Maribi Abendibarrek jasoko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!