Barraskilorek herritarrei irekitako jaia antolatu du, bigarren urteurrena ospatzeko

Anboto 2015eko azaroaren 19a

Urte bi joan dira Barraskin etxebizitzak okupatu zituztenetik Barraskilore proiektuari hasiera emanez. Urteurrena ospatzeko, egun osoko jaia prestatu dute, zapatuan. Ekitaldietan parte hartu, eta Barraskiloreren proiektua bertatik bertara ezagutzeko gonbita egin diete herritarrei.


11:00etan umeen jolasak prestatu dituzte, Apatako plazan, Marixurrike aisialdi taldearen laguntzagaz. Ondoren, 13:30ean, trikipoteoan ibiliko dira herrian zehar, Alda eta Andaren musikak lagunduta.

Bazkalorduan, 14:30 inguruan, Barraskiloren bertan batzeko gonbita luzatu dute. Marmitakoa izango da plater nagusia, baina nahi duenak aukera beganoa ere izango du. Batutako denek argazki bat aterako dute.

Bazkalostea pobreziaren inguruko poesia musikatu errezitaldiak girotuko du, 17:00etatik aurrera. 19:30ean, berriro herrigunera zabalduko dute jai-giroa bigarren trikipoteo batekin. 22:00etan, musika kontzertu bi antolatu dituzte, Gaztetxean: Baserriko Oilaskuek Labin eta Bajo Presion. Ostean, DJ Abaunzaren musikak emango dio jarraipena gauari. Mozorrotuta joateko deia egin dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!