"Ikastolen sorreraren antzeko egoera bizi du Kolonbiako nasa herriak"

Anboto 2015ko aza. 13a, 09:38

Kolonbiako nasa herri indigenak nasa yuwe hizkuntza berreskuratzen dabiltza buru-belarri. Desprestigioak eta gatazka armatuak kolpatutako herria nasa yuwe hutsezko lehen eskolak sortzen hasi da, eta helduak alfabetatzeko ‘nasategiak’ ere bai. Garabide elkartearen bidez, nasek Euskal Herriak euskararekin egin duen bidea ezagutu dute. Rosa Elizburu eta Rosi Oleaga ikastoletan eta hezkuntzan duten esperientzia kontatzen izan dira.

Nasa yuwe hutsezko hezkuntzaren lehen pausoen lekuko izan zarete. Zelako momentua da hori?
Rosa Elizburu: Eskolaren inguruan eta hizkuntza berreskuratzeko lanean ilusio osoz dabiltza. Ez irakasleak bakarrik: eskolako sukaldaria guztiz inplikatuta dago gaian, sukaldariaren laguntzaileak ere bai; baita txamana edo The’Wala ere. Komunitate osoaren proiektua da. Hizkuntzaren eta espiritualitatearen berreskurapenean dabiltza lanean, buru-belarri. Bidean premia batzuk dituzte, eta dakiguna azaltzera joan gara gu; baliagarria bazaie, ederto.

Formazio saioetan, zelako kontuak landu dituzue?
R.E.: Euren eskarien araberakoak dira tailerrak. Nik hezkuntza arloko kontuak azaldu ditut, eta Rosik ikastolako gurasoen ikuspegia partekatu du. Adibidez, eskatu diguten gai bat, eta aurten sakondu dugu, umeak nasa yuwez berba egiten hasteko estrategiak dira. Izan ere, transmisioan eten handia izan du euren hizkuntzak, eta umeak ez dira nasa yuwe hiztunak, ez dute hizkuntza etxean jaso. Orain, eskolan txikitatik dabiltza nasa yuwe ikasten, eta nasa yuwez hitz egiten hastea eragin gura dute. Horretarako, jolasak, kantuak, edota ipuinak erabili daitezke. Ipuinak, adibidez, mila eratara kontatu ahal dituzu, helburuaren arabera. Horrelako ariketak egin genituen. Gurasoen beste kezka bat matematikena zen: “Beste eskoletan 4-5 urterekin hasten dira matematika lantzen, eta gurean?” Horri buruzko tailer bat eskaini genien gurasoei. Era tradizionalean egin beharrean, egunero egiten diren jardueretatik lantzen dute matematika umeek. Haur hezkuntzan, matematikarekin lotutako oinarrizko kontzeptuei buruz berba egin genuen tailerrean, eta adibideak jarri genituen.

Hizkuntza biziberritzeaz gain, hezkuntza eredu propioa ere landu gura dute?
Ikusten dute eskola instituzionaletan 4-5 urtekin hasten direla jo eta su irakurketan eta idazketan, eta gero, berehala eskola porrota etortzen dela, ikasteko interesa galtzen dutelako. Beste modu batean irakatsi nahi dute, eta konbentzituta daude badaudela beste metodologia batzuk; lanketa horretan dabiltza. Guk azaltzen geniena ez zegoen beraien asmoetatik urrun.

Hemengo ikastolen filosofia eurentzat erakargarria da, orduan?
Azken batean, hemen ikastolak sortu ziren modua eta hango eskolena oso antzekoak dira: ikastolak ez ziren euskara berreskuratzeko bakarrik sortu. Hori oso garrantzitsua zen, baina hezkuntzarekiko ikuspegi eta metodologia berriak lantzeko gogoa ere hor zegoen, eta bide hori jorratzen joan dira. Adibidez, materialgintza oso oparoa izan da urteotan, eta ikastolen jarduna eredu izan da beste eskolentzat.

Nasen eta euskaldunon egoerak antzekoak dira, beraz.
Egoera antzeko-antzekoa da. Debekatuta eta gutxietsita egon diren hizkuntzak dira gureak. Beraien bidea eraikitzeko asmotan daude, eta garbi dagoena da eurek egin behar dutela eurena.  Guk ere horrela ikasi dugu, beste batzuek egindakoetan arreta jarri, eta geurera moldatuta.

Guraso legez bizitakoaz jardun duzu zuk, Rosi. Zelan ikusten dituzu bertako gurasoak?
Rosi Oleaga: Badute gogoa, eta egin egingo dute.
R.E.: Aurten, gurasoen tailerrera jende mordoa etorri da, eta harritu egin gara. Oso polita izan zen. Hemen eduki izan ditugun kezkak dituzte. Adibidez, eurek nasa yuwez ez dakitenez, zelan lagunduko diete umeei matematikako edo bestelako arazoren bat daukatenean? Batzuk hasi dira ikasten ‘nasategi’etan, eta badoa aurrera. Oso inplikatuta daude eta auzolan egunak egiten dituzte, adibidez.

Eskola bat ezagutu duzue zuek, eta bigarren eskola bat zabaldu dute, 50 umegaz. Berriro bueltatuko zarete?
Oso indartsu hasi da bigarren eskola, bai! Aurten, eskola bietako jendea egon da formazio saioetan. Tailerren bat jasotzeko premia ikusten badute, eta eskaini ahal badugu, bai, gustura joango gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!