Enpresa berriak sortzeagatiko jarduera lizentzia nabarmen jaitsi dute ordenantza fiskaletan

Anboto 2015ko aza. 3a, 10:41

Orain arte, enpresa berri bat sortzeagatik metro karratuko 13 euro ordaindu behar zen. Zenbateko hori euro bira jaitsi dute; euro batera lehen sektoreko jardueren kasuan.

Atzoko udalbatzarrean 2016ra begirako tasak eta zergak onartu zituzten Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. 2016ko zerga eta tasarik gehienek berdin jarraituko dute. Oro har, 2012tik hona tasa eta zerga gehienak bere horretan mantendu izan dituztela azpimarratu zuen Dabid Cobos alkateak.

Datorren urtekoei begira hiru aldaketa aipatu zituen. Aldaketa bat jarduera-lizentziari dagokio. Atxondon enpresa bat jartzeko ordaindu behar zen jarduera lizentzia “askoz garestiagoa” zen inguruko beste herri batzuekin alderatuta Cobosek azaldu zuenez. Horregatik jaistea erabaki dute: 13 eurotik 2 eurotara, metro karratuko. Lehen sektorearen kasuan euro batekoa da zerga. Izan ere, alkatearen esanetan, lehen sektoreko jarduerek, beste mota batzuekin alderatuta, oro har metro karratu gehiagoren beharra izaten dute etekin bera ateratzeko. Azkenik, jarduera klasifikatu lez izendatuta dauden jarduerek 3 euro ordaindu beharko dute metro karratuko; izan ere, azken horiek tramitazio luzeagoak eta konplexuagoak eskatzen dituzte.

Jarduera lizentziagaz batera, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) ere egokitu dute. Orain arte, obren aurrekontuaren % 5a zen zerga orokorra eta 50 urtetik gorako eraikinetako teilatu eta fatxadetako obretan %75etik %95era arteko hobariak jaso zitezkeen. Orain, hobariak kendu egin dituzte. Zerga orokorra, aldiz, %5etik %4ra jaitsi dute. Obra berriei edo hutsetik hasikoei eragiten die batez ere.

Obra jakin batzuek, baldintza batzuk betez gero, zerga murritzagoa izango da: %2. Azken hori dagoeneko eginda dauden etxebizitzetako obrei zuzenduta dago. Horrela, eginda dagoen etxe bat berrizteagatik, irisgarritasun neurrietara egokitzeagatik zein energia berriztagarriak kontuak hartzeagatik %2ko zerga ordainduko da; zerga bera aplikatuko zaie babes ofizialeko etxebizitzei ere.

Igerilekuan prezio berdina astegunetan eta asteburuetan

Azken aldaketa igerilekurako sarreren prezioei dagokie. Orain arte asteburuetako sarrera garestiagoa zen astegunetakoa baino. Sasoi batean asteburuetan jende gehiago joaten zen, baina joera hori aldatu egin da eta gaur egun jende gehiago joaten da astegunetan: “Ez zeukan zentzurik asteburuetan prezio garestiagoak mantentzeak”. Beraz, prezioak parekatu egin dituzte astegunetakoa apur bat igo eta asteburuetakoa euro bat merketuta.

Orain arte 4,40 euro zen nagusien astegunetako prezioa eta 5,50 nagusien asteburuetakoa. Aurrerantzean, 4,5 euro izango da sarreraren prezioa astegunetan zein asteburuetan. 5-18 urte artekoena, berriz, 3,5 euro izango da.

EAJren arrazoiak

EAJ abstenitu egin zen ordenantza fiskalen bozketan. Igerilekurako sarreren kasuan, prezioa parekatzearen alde agertu ziren, baina “gaur egun igerilekuan badakigu zer zulo daukagun eta beste planteamendu batzuen beharra ikusten dugu”, Gorka Garateren berbetan. EIOZ zergaren kasuan, obra eskaera askok teilatuen berriztapenagaz zerikusia izaten dutela azaldu zuten eta horiek orain arte hobariak jasotzen zituztela. Beraz, hobari hori kentzea onerako edo txarrerako izango den zalantzan jarri zuen. Lizentzia jardueran egindako aldaketagaz konforme agertu ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!