Euskal Herriko artzain txakurrik onenak Axpen lehiatuko dira zapatuan

Anboto 2015ko ira. 16a, 12:01
Argazkia: Gerediaga elkartea - Txelu Angoitia

Euskal Herriko artzai txakurren txapelketa Axpen jokatuko da beste behin zapatu honetan. Antolatzaile eta parte hartzaileak gustura daude azken urteetako harreragaz eta udalaren babesak lagunduta, txapelketa Axpen egongortu da azken urteetan.


Aurten 49. aldia ospatuko du Gerediaga Elkarteak antolatutako lehiaketak. Guztira hamaika txakur batuko dira Elizaburuko landetan, 17:00etatik aurrera. Parte hartzaileen zerrenda Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko txapelketetako txapeldun eta txapeldunordeek osatzen dute. Horiekin batera, 2014ko Euskal Herriko txapeldun diren Jai txakurrak eta Antonio Alustiza ugazabak  (Areso, Nafarroa) iazko txapela defendatuko dute. Bizkaiko ordezkari biak orozkoarrak dira: Eneko Serrano Seiko txakurragaz eta Enrike Mendiguren Riki txakurragaz. Gipuzkoako ordezkaritza Jose Mari Bengoa (Oñati) eta Jesus Mari Plazaolak (Arrasate) osatuko dute; Arabakoa Jose Mari Jauregi (Ilarduia) eta Fidel Alonsok (Areta); Nafarroakoa Jose Mari Istilar (Amaiur) eta Antonio Alustizak (Areso) eta Ipar Euskal herrikoa Jean Paule Irikin (Itxasu) eta Mitxele Atxeritogaraik (Iholdi).

Txapelketa ikusteko sarrera lau euro izango da; 12 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharko. Axpera gerturatzen direnek gazta eta ardoa dastatzeko aukera ere izango du txapelketaren amaieran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!