Biktimen zerrenda luzean Atxondok ere badu zer oroitua

Anboto 2015ko ira. 8a, 16:00

Joan zen barikuan, motibazio politikoek eragindako biktimen  eta euren memoriaren gaineko topaketa egin zuten Bilbon, eta Iñigo Urkullu lehendakaria 128 alkaterekin batu zen. Tartean, Atxondoko alkatea zegoen. Izan ere, bertan banatutako txostenetan jasotzen ziren 707 biktimen arteko bat Guardia Zibilak 1978an Atxondon hildako José Emilio Fernández Pérez gaztearen gainekoa zen.


Dabid Cobos alkateak topaketaren gaineko azalpenak eman zituen asteleheneko udalbatzarrean, EAJko Gorka Garate zinegotziak horri buruz galdetu ostean. Cobosek berak kasu hori ez zuela ezagutzen aitortu zuen, eta seguruenik herritar askok ere ez dutela jakingo, batez ere gazteenek.

Txostenak horrela jasotzen du 1978an gertatutakoa. Durangoko Guardia Zibilaren kuartela metrailatu zuten egun berean, José Emilio Fernández Pérez 16 urteko elorriarra Elorriora bidean zihoan lagunekin auto-stop eginda. Auto gidariak ez zuen Guardia Zibilak Arteako industriagunearen inguruan jarritako kontrola ikusi, eta aurrera egin zuen. Guardia Zibilak autoa tirokatu, eta Fernandezek zortzi-hamar tiro jaso zituen, debekatutako balak barne. Bertan hil zen. Tiroketa berean, autoan zihoazen beste lagun bi zauritu zituzten: Jose Felix Marias Maturanak hiru bala zauri izan zituen eskuin besaurrean, eta Manuel Luis Cenitagoya 64 urteko auto gidariari hanka bat erabat hautsita geratu zitzaion debekatutako bala leherkor baten ondorioz.

Ez zen biktimaren autopsiarik egon, eta geroko epaiketa, familiaren abokatua aurrean egon gabe eta hari ezer jakinarazi gabe egin zen, txostenak jasotzen duenez.

Urte hartan Elorrion manifestazioa egin zuten gertatutakoak salatzeko eta kale bati Jose Emilioren izena ipini zioten, gaur egun Montorra deitzen den kaleari. Oroigarria han dago oraindik.

Eusko Jaurlaritzak sortutako Balioespen Batzordeak ekainaren 12ko 2012/107 Dekretuaren bidez aldeko irizpena eman zion Atxondoko kasu horri.

Azaroaren 10a biktimen oroimenerako eguna da, eta Bilboko topaketan nork bere herriko biktimak gogoratzeko ekitaldiak egiteko eskatu zuten. Cobosek horrela egiteko asmoa dutela adierazi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!