Landa lurretan ostalaritza negozioak ahalbidetzeko pausu berria eman du Atxondoko Udalak

Anboto 2015ko ira. 8a, 11:46
Atzoko udalbatzarrean aldaketa puntuala bozkatu zuten unea.

Apirilean arau subsidiarioen aldaketa puntuala onartu zuten eta, alegazioen epea joanda, atzoko udalbatzarrean behin behineko onarpena eman zioten. Orain, dokumentoa Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko dute eta hark eman beharko dio behin betiko onarpena.

Arau subsidiarioen aldaketa puntual horren bidez lurzoru ez urbanizagarrian —landa lurretan— ostalaritza negozioak martxan jartzea ahalbidetuko dute. Zehatz esanda, landa lurretako lurzoruetan baimenduta dauden orain arteko erabilerei —ganadu-gune, nekazaritza-gune eta gune-bizigarriak—berri bat gehitu diete, landa guneko ezaugarriak landa–turismoaren bidez ustiatzeko, beti ere dagoeneko eraikita dauden baserrietan edo eraikuntzetan. Azken hori ñabardura inportantea da: gaur egun eraikita dauden baserri edo eraikuntzei eragingo lieke neurriak.

Aldaketa puntual horri apirileko udalbatzarrean eman zioten hasierako onarpena. Alegazio bat jaso zuen, baina, ondoren, herritar horrek alegazio hori erretiratu egin zuen, “bere alegazioak aldaketa honegaz zerikusi zuzenik ez zuela ikusita”, David Cobos alkateak  adierazi zuenez. Azken onarpena ematea Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio.

EAJk kontra bozkatu zuen

Aldaketa puntuala Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin irten zen aurrera. EAJk kontra bozkatu zuen, hasierako onarpenean egin moduan. Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria onartze bidean dagoela ikusita, ez dute ulertzen zergatik ez den ordura arte itxaron, dena batera joan dadin eta ez zatika: “Presa ikusten dugu, baina ez dugu ulertzen presa hori nondik datorren, zeintzuk diren horretarako arrazoiak. Nondik dator beharrizana?”. Cobos alkatearen esanetan “plan orokorrak asko luzatzen dira, gurean ikusten dugun moduan, sei-zazpi urte daramatzagu horretan”. Eta Cobosen ustez, “bitartean irteten diren beharrizanei aurre egiteko modua da arauei aldaketa puntualak egitea”. Gainera, “tramitazio sinplea dauka, ez du plana orokorrak bezalako  buruhausterik sortzen”. Horrekin batera, Jorge Jauregi zinegotziak (EH Bildu) zehaztu zuenez, “herritar batek ostalaritza negozioa martxan jartzeko eskaera egin izan du udaletxean eta aldaketa honen zain dago”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!