Sei herritar daude Arrazolako bizileku publikoetarako zerrendan

Anboto 2015ko abu. 27a, 10:45

Interesa dutenekin zerrenda eguneratu dute; laster zerrendako ordena zehazteko zozketa egingo dute.

Atxondoko Udalak lau etxebizitza publiko ditu Arrazolan. Orain, denetan bizi da jendea, baina udalak etxebizitza publiko horietara joateko interesa duten herritarrekin zerrenda bat du, eta zerrenda hori berritu du. Uztailean hasi zen zerrendan izen-emateko epea, eta, guztira, sei atxondarrek erakutsi dute interesa bizileku publiko horietarako.

Libre geratzen joaten diren heinean, etxebizitzak herritar horien artean banatuko dituzte. Etxebizitzak zein ordenatan eman erabakitzeko, zozketa publikoa egingo dute iraileko lehen hamabostaldian. Zozketa hori udaletxean egingo dute, eta aurrerantzean ordena hori erabiliko dute etxebizitzak banatzerako orduan. Zozketan lehenengo tokia egokitzen zaionak ez du askorik itxaron beharko. Dabid Cobos alkateak jakinarazi duenez, irailean bertan etxebizitza bat libre geratuko da. Eta beste etxebizitza bat ere laster geratuko dela libre adierazi du; beharbada, urrian bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!