Arrazolako udalaren etxebizitzak errentan emateko prozesua hasi dute

Anboto 2015ko uzt. 17a, 10:46

Atxondoko Udalak Arrazolan dituen lau etxebizitza errentan emateko prozedura hasi du: logela bakarreko bi (42 m2), bi logelako bat (65 m2) eta hiru logelako beste bat (88 m2). Bizileku horiek errentan hartzeko zerrendan egon gura duenak uztailaren 24ra arteko epea du udaletxeko eskatzaileen erregistroan izen-
ematea egiteko.


Hautagaiek bete beharreko baldintzak zein bizilekuak banatzeko prozedura Alokairuko Etxeen Araudiak jasotzen ditu, eta gura duenak udalean eskuratu dezake dokumentua.

Izen-emate epean aurkeztutako eskari guztiak aztertu ondoren, behin-behineko zerrenda onartu, eta udaletxeko iragarki taulan zein udalaren webgunean argitaratuko dute zerrenda, hamabost eguneko epean.

Gero, errekurtsoak ebatzi ostean, behin betiko zerrenda osatuko dute. Ondoren, bizilekuen esleipena notario aurreko zozketa bidez egingo dute.

Onuradunek bete beharreko baldintzen artean daude adinez nagusi eta emantzipatua izatea, etxe baten beharra izatea, zerrendarako izena ematen den unean Atxondon erroldatuta egotea urtebeteko gutxieneko antzinatasunagaz, gutxieneko eta gehienezko diru sarreren barruan egotea, eta errentamendu-kontratua gauzatzea. Baldintza horietako salbuespenak araudian jasota daude.

Errentamendu-kontratuak bost urteko eperako egingo dituzte, eta urtebetetik urtebetera luzatzeko aukera dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!