Atxondoko jaiak 2015

Atxondoko Lamiak: "Elkar errespetatu behar dugula esango dugu, jaiak denonak direla"

Anboto 2015ko eka. 24a, 18:30

Atxondoko Lamiak emakume elkarteak irakurriko du, ekainaren 26an, Atxondoko jaien hasierako pregoia; 26 kidek osatzen dute, gaur egun, emakume talde hori, eta euretako hirugaz izan dugu berbaldia: Alazne Campañón, Cristina Muga eta Matxalen Garcia.

Zelan hartu duzue jaien pregoia irakurtzeko proposamena?
Cristina Muga: Egia esanda, ez da jaietako pregoia irakurtzeko proposamena egin diguten lehengo aldia, baina orain arte, hainbat arrazoirengatik, ezezkoa eman behar izan dugu.
Alazne Campañón: Pregoia urte bakoitzean herriko talde edo elkarte batek ematea da Jai Batzordearen ideia. Aurreko urteetan proposatu izan digutenean, azkenean ezezkoa eman behar izan dugu hainbat arrazoigatik. Aurten erabaki dugu egin behar dugula, bestela datorren urtean edo hurrengoan berriro etorriko litzaizkigukeelako proposamenagaz. [Barrez]

Taldea edo taldearen helburuak ezagutarazteko aukera ona da zuen ustez pregoia?
Matxalen García: Egia esan, pregoia emateari ez diogu balio berezirik ematen.
C.M.: Izan ere, herri honetan denok ezagutzen dugu elkar, eta jendeak badaki Atxondoko Lamiak emakumeen elkarteak zertan egiten duen lan. Ez dugu uste pregoiak gauzak asko aldatuko dituenik.
A.C.: Beste barik, herrian jaien hasiera egiteko dagoen dinamika horregaz jarraituko dugu.  

Pentsatu duzue zer esango duzuen pregoian?
A.C.: Ez dugu oraindik zehaztu, baina gurea emakume talde bat izanik, lantzen dugun gaiaren inguruan hartuko dugu berba. Zorionez, herri honetan jaietan ez dugu sekula eraso sexistarik sufritu, baina horri lotutako mezua zabalduko dugu pregoiagaz: jaiak denonak direla eta jaietan ere elkar errespetatu behar dugula da barikuan plazaratuko dugun mezua.

Zenbat kide zarete elkartean?     
C.M.: Momentu honetan, 26 kide gara. Gehien izan garen unean 42 izan gara, eta nabari dugu beherakada.

Urtean zer arlotan egiten duzue lan gehien?
M.G.: Emakumeei zuzenduriko ekimenak antolatzen ditugu: ikastaroak eta txangoak, esate baterako. Emakumearen ongizateari begirakoak izaten dira ekitaldi guztiak.
C.M.: Jabekuntza ikastaro bat egin dugu, esaterako, aurten. Parte hartu gura izan duten guztiei zuzendurikoa. Baina, zoritxarrez, gehienetan talde bera joaten gara antolatzen duguna edozer dela ere.
A.C.: Azken urteetan, hain zuzen ere, horrek eraman gaitu lehen egiten genituen ekintza batzuk bertan behera uztera. Hilero film bat ematen hasi ginen, adibidez, baina, oso jende gutxi etortzen zenez, utzi egin diogu ekimen hori antolatzeari.

Parte-hartzea ez da, beraz, gura zenuketen modukoa.
C.M.: Ez, jende gehienak ez du parte hartzen. Horren adibide da elkartearen zuzendaritza berritzeko dauzkagun zailtasunak. Inor ez dago prest ardurak hartzeko. Iaz, zuzendaritza utzi gura genuen batzuek, eta, inor ez zegoenez sartzeko prest, elkartea desegitea ere pasa zitzaigun burutik. Baina azkenean geuk jarraitu dugu elkartearen zuzendaritzan.
A.C.: Ez bakarrik elkartearen zuzendaritzari begira; jendeak gehiago parte hartzea gura dugu, esate baterako, ideiak emanez edo gauzak proposatuz.

Urteotan elkartean parte hartu izanak ekarri dizuen gauzarik positiboena eta aberasgarriena zein da?
M.G.: Gurea herri txikia denez, lehen ere elkar ezagutzen genuen arren, Atxondoko Lamiak elkartearen inguruan sortu den emakume sarea da gauzarik positiboena.
C.M.: Oso harreman polita daukagu, eta ikastaroak ematera etortzen direnek ere esaten digute oso talde dinamikoa garela. Taldeko terapien modukoak izaten dira ikastaroak.
A.C.: Konfiantza maila oso altua daukagu. Badakigu hemen partekatzen duguna hemen geratzen dela.

Erlazionatuak

Apatako jaien egitaraua

Anboto 2015 eka 25 Atxondo

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!