40 atxondarrek eman dute izena Arrazolako Pala Txapelketan

Anboto 2015ko eka. 18a, 12:55

Oier Jaio eta Gaizka Amiano, orain arteko aldi bietako txapeldunak.

Arrazolako III. Pala Txapelketa abian da, eta 40 atxondar dabiltza lehian –inoizko gehien–, txapela lortu guran. Kirolaz harago, euren arteko hartu-emanak sendotzeko bitartekoa dela azpimarratzen dute parte-hartzaileek.


Pilotariak hiru mailatan banatu dituzte. Txapelketa da, baina liga bateko egitura du, igoerak eta jaitsierak ere izaten direlako. Arrazolako pilotalekua txikia eta berezia da, eta horrek xarma berezia ematen die partiduei Ibai Buruaga kudeatzaileren esanetan: “Joko arina da, eta fisikoki exijentea. Pilotalekuaren berezitasunagatik lege propioak ditugu; esaterako, harmailak gertu daudenez, handik bueltan jo daiteke pilota”.

Oier Jaio eta Gaizka Amiano lehen eta bigarren aldiko irabazleak dira, hurrenez hurren. Iaz elkarren kontra jokatutako finala Amianok irabazi zuen. Batak zein besteak txapelketan sortzen den giroa azpimarratu dute: “Badaude hainbat herritar, txapelketa baino lehen elkar agurtu arren, elkar ezagutzen ez zutenak, eta, orain, ostera, partiduak jokatzeko geratzen dira. Txapelketako gauzarik onena sortzen den giroa da, ez dago hori ordaintzeko dirurik”, azaldu du Amianok. Lehia sanoa ere bada osagaietako bat.

Finalak irailean izango dira. Irabazleek txapela jantziko dute, eta eguneko bazkaria eta parranda dohainik izango dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!