Barraskiko etxebizitzak eraikitzeko ardura duen Norvisa Promociones enpresaren buruak Rosa Elizbururen (amaitzear den agintaldiko alkatea) eta David Cobosen (2007tik 2011ra alkate, eta EH Bilduren aurtengo zerrendaburua) kontrako demanda jarri du. Erabaki “bidegabeak” hartuz, udalaren azken helburua etxebizitzen jabetza eskuratzea dela jasotzen du demandak. “Prebakarikazioa” leporatzen die. Elizburuk udal jardueran hartutako erabakiak babestu ditu. Promotorearen urtetako “gezurren” aurrean, helburu biren alde lan egin dutela dio: “Udalari zor zaiona berreskuratzen –400.000 euro– eta proiektua aurrera irten zedin bideak lantzen saiatu gara”.
Udaletik hartutako hiru erabaki daude demandaren oinarrian. Lehenengo, “obrak gelditzea probokatu” zutela salatu du. 2012an udalak eta Norvisak adostutako akordio bati buruz dabil. Orduan, 300.000 euroko zorra zuen Norvisak udalagaz. Udalak diru hori bere Udalkutxatik aurreratu zuen urbanizazio lanak egiten hasteko, baina gastuen kargu egitea Norvisari zegokion. Udalak bidalitako gastuen egiaztagiriak, ordea, ez zituen ordaindu. Hitzarmenak egoera desblokeatzeko alde bien arteko epeak markatzen zituen. Norvisak 120.000 euro ordaintzea zen lehen pausoa, “baina ez zituen epeak errespetatu”, dio Elizburuk: “Handik denbora batera ordaindu zuen, bere gainean etengabe egon ostean”. Horrek susmo txarra eragin zien: “Konturatzen hasi ginen ez genuela diru gehiago jasoko”. Ondoren, handik denbora batera, Norvisak azaldu zien bazituela 300.000 euro, aktibo kutsatuak kudeatzeko Sareb elkartearen bidez lortuta. Kopuru horrek ordura arteko zorrak kitatzeko bakarrik balio zuen, baina egin barik dauden urbanizazio lanak amaitzeak beste 900.000 euroko inbertsioa eskatzen du: “Zor zitzaiguna berreskuratu eta egiteke dauden urbanizazio lanen kostua kobratuko genuen ala ez jakin barik, ezin genuen udala beste zulo batean sartu”.
Demandan jasotzen den bigarren argudioa lizentzia obrari dagokio. 2014an lizentziaren luzapena eskatu, eta udalak ez zion eman. Elizbururen esanetan, lizentzia “2010etik iraungita zegoen”. Beraz, prozedura berriro hasieratik hastea zen lizentzia berriro emateko modu bakarra: “Lizentzia luzatu izan banie, orduan prebarikatuko nuen”.
Zor zaiona berreskuratzeko prozedura abiatu du udalak: “Helburua ez da etxebizitzak jabetzan hartzea, baizik eta zor zaiguna berreskuratzea. Epaileak erabakiko du zelan. Bide hori orain arte atzeratu badugu, Norvisak kaltetu dituenentzat ona ez zelako izan da”.