Zer erakutsiko duzu zure postuan?
Bazkide bi gara, eta postu bana ipiniko dugu azokan. Batean, batez ere, landareak izango ditugu: tomateak, mugurdiak, letxugak, elorri beltzak eta marrubiak, esaterako. Bestean oiloekin eta arrautzekin egongo gara.
Nondik datorkizu baserri munduarekiko lotura?
Beti izan naiz ortukoa. Familiak beti izan du bere ortua, eta asko baloratu du etxeko jeneroa. Iruñean, Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen nire bazkide Iker Garciagaz batera. Han elkar ezagutu genuen. Bera berangarra da. Lezamako baserri batean ondasun komunitate bat dugu askotariko produktuekin, eta Apatan ere badut ortua, igerilekuaren ondoan, eta berotegi bat egiten nabil.
Nekazaritza ekologikoa lantzen duzue?
Bai, ekologikoa lantzen dugu, oraingoz etiketa barik. EHKO Euskal Herriko laborari agroekologikoen kolektiboa da, eta horren barruan etiketa bat sortzen dabiltza hainbat elkarteren artean. Guk etiketa hori lortu gura dugu.
Ekoizlea ez ezik, azokako antolatzaileetako bat ere bazara. Zer ikusiko dugu azokan?
Ikusteko gauza asko egongo da. Nire ustez, jendea harritu egingo da nekazaritzan zein artisautzan dagoen pluraltasuna ikusten duenean. Esaterako, lagun batek gurpilak birziklatzen ditu lorontziak egiteko. Egurra eta harria lantzen duten atxondar bi ere egongo dira.
Beraz, denetarik ikusi eta erosi ahal izango da.
Bai, denetarik egongo da, eta azpimarratzekoa da ekoizle askoren gaztetasuna; esaterako, gazta egiten duten atxondar eta abadiñar bana, tapizak lantzen dituzten abadiñar bi eta oinetakoak egiten dituen elorriar bat egongo dira; denak gazteak.
Iazko lehen aldian baino postu gehiago egongo dira.
Nekazaritza, artisautza eta abeltzaintza postuak egongo dira, eta iazko kopurua bikoiztea lortu dugu: guztira, 25 postu izango dira. Gaztetxeak horrelako azoka bat antolatzea ez da ohikoa, eta, egia esanda, pozik eta ilusioz gaude.
Azokaren osterako zer prestatu duzue?
Egun osoko jaia izango da. Pilotalekuan bazkaria egingo dugu eguerdian, eta postua jartzen dutenak gonbidatuta daude. Ondoren, 17:00etan jokoekin lagundutako poteoa egingo dugu herriko tabernetan zehar. Azkenik, 22:30ean, Aramaio-Arrasateko El Exterminio De La Raza del Mono eta Oñatiko Denbora Galdua taldeen zuzenekoak egongo dira gaztetxean. Gero, Ondarroako DJ Elepuntok jarriko du musika.