Zapatuan nekazari eta artisau azoka egingo dute Apatan

Anboto 2015ko mai. 5a, 09:00

Atxondoko gaztetxeak II. Nekazari eta Artisau Azoka antolatu du maiatzaren 9rako, Apatan. Iazko lehenengo aldian, hamabi postu jarri zituzten, eta, aurten, kopuru hori bikoiztuko dute, eta 25 postu inguru egongo dira.


Apatako plazan eta Euskalherria kalean kokatuko dituzte postuak, 10:30etik aurrera; animalien, nekazaritza produktuen eta artisautzaren gainekoak izango dira. Animaliei dagokienez, astoak, oiloak, zaldiak, ahuntzak, ardiak eta behiak ikusi ahalko dira. Artisautzako postuetan, bitxiak, lorontziak eta oinetakoak izango dira, besteak beste. Nekazaritza produktuen gunean, txorizoak, gaztak, arrautzak, ogiak eta barazkiak erosi ahalko dira, beste hainbat produkturen artean.

Ekoizle asko atxondarrak eta inguruetakoak dira, baina, esaterako, pasta egiten duen igorretar bat eta shiitake ekologikoa ekoizten duen arabar bat ere etorriko dira. Ekoizle asko gazteak izango direla nabarmendu dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!