Atzoko udalbatzarrean 2015ari dagozkion udal aurrekontuak onartu zituzten Gobernu Taldearen (Bildu) aldeko botoekin. EAJ alderdiak kontra bozkatu zuen.
Aurtengo diru sarrerak 1.823.294 eurokoak izango direla aurreikusi dute eta gastuak kopuru horretara parekatu dituzte. Hainbat arrazoiren ondorioz, aurrekontu “saneatuak” direla adierazi zuen Rosa Elizburu alkateak. Alde batetik, azken urteetan “gastuak kontrolatu” eta apurka “zor guztiak kitatu” dituzte: “Geratzen diren zorrak maileguak dira eta ez dugu inongo arazorik horiei aurre egiteko”. Azken lau urteetan urteko kontuen itxiera positiboa izan dute.
Egoera horrek “segurtasuna eta ilusioa” eragiten ditu eta “etorkizunera begira bide onean jartzen gaitu”, Elizbururen esanetan. Horrela, aurre urteekin alderatuta, aurten inbertsio errealak egiteko aukera du udalak eta hurrengo urteetan, maileguak gutxitzen joan ahala inbertsioetarako aukerak handitu egingo dira: “Hori izango da hurrengo urteetarako dinamika”.
Frontoiaren itxiera
Aurten 402.000 euro gorde dituzte inbertsioetarako. 50.000 eurogaz frontoiaren itxiera gauzatuko dute. Zabaldu eta izten den egitura mugikorra izango dela adierazi dute.
Beste 100.000 euro udaletxean igogailua egokitzeko baliatuko dituzte. Udalak osatuta duen irisgarritasun planeko ekintzen barruan dago eta aurten gauzatuko dute.
Inbertsioetan jasotako beste 50.000 eurogaz udalerriko argiteria publikoaren auditoria egingo dute, eremu horretan dirua zelan aurreztu jakiteko.
Arrazolan etxebizitza sozialak dituen eraikinak hezetasun arazoak ditu eta horiei konponbidea emateko 65.000 euroko diru atala sortu dute.