Atxondoko auzokideen ustez, eskolaren auzia saihestu zitekeen

Anboto 2015ko mar. 4a, 13:35

EAEko Auzitegi Nagusiak eskola eraisteko epaia eman zuen otsailean; udalaren eta auzotar batzuen arteko auzian, azken horiei eman zien arrazoi. Udala eraisketa eragozteko pausoak ematen dabilen bitartean, Euskalerria blokeko hamabi etxebizitzetako bizilagunak zain daude: “Oraindino ez gara abokatuagaz batzartu. Ikusiko dugu egoera zelan garatzen den, eta gero erabakiko dugu zer egin”, adierazi du Jesus Mari Arana blokeko administratzaileak.


Edozelan ere, auzotarrek egoeraren balorazio “tristea” egiten dute; adierazi dutenez, “ez zegoen gaur egungo egoerara heldu beharrik”. Eskola egiteko proiektu bi zeuden sasoian, euren etxebizitza bloketik hurrunen zegoena aukeratzeko eskatu zioten udalari. Egoera bideratzeko “denbora egon da aurretik”, adierazi du Aranak. Auzitegiaren epaiak eraikina bota behar dela dioen arren, Aranak ez du uste eskola botako denik: “Hori gertatzea oso gaitza izango da”.

Azkenik, argitu gura izan du blokean bizi diren auzotarrak ez daudela eskola egitearen aurka: “Herrian zabaldu da ez dugula eskola egiterik nahi, eta hori gezurra da. Hori sekula ez da egia izan. Eraikina gorago egitea baino ez dugu eskatu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!