Maiatzaren 24ko udal hauteskundeei begirako udal-programa osatzeko prozesu parte hartzailea abiatuko du Atxondoko EH Bilduk prentsa ohar batean jakinarazi duenez. Urtarril amaieran udal programa partehartzailea egiteko inkesta bat jasoko dute herritarrek postontzietan. Ondoren, otsailean zehar, herriko elkarte eta eragileekin batuko dira euren iritziak jasotzeko. Azkenik, martxoan auzo batzarren bidez borobilduko dute udal-programa.
Azken legegintzaldiko balorazioa ere egin dute. Krisiak baldintzatutako lau urte izan direla diote: “Legegintzaldi osoan arazo nagusi bat izan da udal politikaren garapenerako: krisia. Honen ondorioz hasierako urteetan udal aurrekontuko diru-sarrerak ia erdira murriztu ziren eta ez zen bat ere erraza izan udal aurrekontua eta eguneroko jarduna aurrera ateratzea hain baliabide gutxigaz”. Honi aurreragotik zetozen zorrak gehitu behar zaizkio: “Udalak zor handiak zituen krisia hasi aurretik ere hainbat proiektu aurrera ateratzeko. Horren ondorioz, aurrekontuen zati handi bat zorrak ordaintzera bideratu behar izan dugu, are diru gutxiago geratu delarik bestelako gastu eta inbertsioetarako”.
Baina gaur egun “etxeko lanak eginda” udalaren egoera ekonomikoa urtetik urtera “hobetzen” doala azpimarratu dute: “Horri esker, beldur barik begiratu genezake datozen urteetara, zorraren karga arinduta aukera gehiago izango ditugulako gure herriak behar dituen proiektu eta egitasmo berriak aurrera ateratzeko”.