AHTaren gaineko batzarra eskatu dio Atxondoko Udalak Sustapen Ministerioari

Anboto 2015ko urt. 15a, 11:10
Apatako Maisuen etxearen gainetik igaroko litzateke AHTaren biaduktua.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak AHTaren Atxondoko tartea lizitatzeko asmoa zutela iragarri zuen iazko abenduan. Rosa Elizburu Atxondoko alkateak, edozelan ere, garbi du Adifek ezin dituela lanak hasi Atxondo-Atxondo tartean, laginak eta desjabetzeak egin gabe daudelako eta proiekturik ez delako heldu udalera.


Informazio zuzena nahi dute, kontua benetan zertan den jakiteko. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako arduradunekin eta Espainiako Sustapen Ministerioko Ana Pastorregaz batzeko eskaerak egin dituzte.

Alde batetik, jakin gura dute Rajoyk zein tarteri egin zion erreferentzia; Atxondo-Atxondo tarteari edo Atxondo mugan harrapatzen duten Atxondo-Elorrio eta Atxondo-Abadiñori. Lehenengo tarteari badagokio, lizitazioa zein egoera administratibotan dagoen jakin gura dute, horren arabera, gobernu taldearen estrategia lantzeko.

Lanak ahalik gehien atzeratzera bideratuta egon da orain arteko estrategia; horretarako, udalean jasotako edozein txostenetan akatsak bilatzen saiatu dira, prozedura ahalik gehien luzatu dadin. Aurrerantzean ere estrategia beragaz jarraitzeko asmoa dute, posible duten arte: “Orain arte, krisialdian behinik behin, estrategia ona dela ikusi dugu, ez dutelako pausorik eman”. Atxondoko tarteak 3 km ditu, eta 1,6 km-ko biaduktua Maisuen etxearen gainetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!