Barraskiloreko okupazioaren urteurrena gogoratuko dute asteburuan

Anboto 2014ko abe. 12a, 10:07

Urtebete joan da Barraskiloreko etxebizitzak okupatu zituztenetik. Bertan bizi diren lagunek urte honen balorazioa jasotzen duen informazio orria zabaldu dute herrian, eta urteurrena gogoratzeko zapatuan antolatuko duten jaira gonbidatu dituzte herritarrak.


Zapatuan, 14:30ean, herri bazkaria egongo da Barraskiloren, eta 18:30ean triki-poteoa egingo dute herriko taberna eta kaleetatik. Azkenik, 22:00etatik aurrera The Lasai, Barbiturikos, B.E.K eta DJ Abaunza talde eta musikarien kontzertua egongo da gaztetxean.

Iazko azaroan etxebizitzak okupatu zituztenetik hona hainbat lan egin dituztela azaldu dute: zorroten eta saneamendu osoa egokitu dute, eta urez betetzen zen garajeari konponbidea bilatu diote, adibidez. Orain hil batzuk, Barraskiloreren aurkako prozesu juridikoa hasi zela ere gogoratu dute. Aurretik beste inoiz egin moduan, berriro errepikatu dutenez, “ez dugu trabarik jarri nahi, benetan arazoa konpontzeko pausoak ematen badira”, eta baldintza horiek errepikatu dituzte: zor duten dirua herriari itzultzea, amaitu bako proiektuari konponbidea ematea eta amaitu bako etxebizitzei dagokien erabilera ematea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!