Herriko bideen inbentarioa egingo dute Atxondon

Anboto 2014ko aza. 18a, 16:57

Udalak herriko bideen inbentarioa egingo du. Horrela, bide guztien zerrenda osatu bat lortzeaz gainera, zehatz jakingo du zeintzuk bide diren pribatuak eta zeintzuk publikoak. Herri batzar bi egingo dituzte herritarrei prozesuaren nondik norakoak azaltzeko.

Bi herri batzarretatik aurrenekoa azaroaren 27ko eguenean izango da, 19:00etan, Apatako udalbatzar aretoan; bigarrena, azaroaren 29ko zapatuan, 10:00etan, Axpeko udaletxe zaharreko eraikinean.

“Herritarren artean zein herritarren eta udalaren artean dudak sortu izan dira batzutan bideen jabetzaren gainean; horregatik komenigarria iruditu zaigu inbetarioa egitea, gauzak argi izateko”, azaldu zuen Rosa Elizburu alkateak atzo egindako udalbatzarrean. Horrez gainera, Durangaldeko Amankomunazgoa eskualdean bizikleta ibilbideak sortzeko proiektu bat garatzen ari da eta Atxondoko lurretatik ere igaroko da. Ustez publikoak diren lurretatik diseinatu dituzte ibilbideak, baina proiektua aurkeztera udaletxera joan zirenean, udal ordezkariei dudak sortu zitzaizkien bide horiek publikoak edo pribatuak ziren. Duda horiek argitzeko ere balioko du.

Inbentarioa egiteko ardura Sendo enpresari esleitu diote 14.000 eurotan eta urtebeteko epean egingo dute. Metodologiari dagokionez, antzinako kartografia, katastroa, eskriturak… erabiliko dituzte informazioa jasotzeko. Dudak dituzten kasuetan herritarrengana ere joko dute informazioa batzeko. Herrian dauden mota denetako bideen gainekoa izango da inbentarioa: bide nagusiak, basobideak, auzobideak, orgabideak…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!