Barraskilore mugimenduko gazteek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, “Norvisa promotoreagaz izan ditugun bi batzarretan argi utzi dugu gure jarrera eta akordioak bilatzeko apustua”. Adierazi dutenez, ez dute asmorik “hasi daitezkeen obrak oztopatzeko”: “Ez dugu trabarik jarri nahi, arazoa konpontzeko benetan pausuak ematen badira. Bitartean, gure beharrak direla medio, etxea erabiltzen jarraituko dugu”. Arazoa konpontzeko beharrezko ikusten dute, besteak beste, “herriari, etxeak erosi dituzten kideei eta gainontzekoei zor dieten dirua bueltatzea”.
Barraskiko etxe bloke hori –lau etxebizitza ditu– iaz okupatu zuten. Orduan adierazi zutenez, ekintza “garden, publiko eta baketsua” egin gura zuten: “Espazio kolektibo bat sortu nahi dugu, auzotar guztiek etxebizitza duina izateko aukera eduki dezagun bertan”.
Ordukoa tankera horretako bigarren ekintza izan zen. Izan ere, hilabete lehenago, Durangoko Salesen komentu zaharra okupatu zuen lagun talde batek, antzerako helburuekin. Hilabete bertan eman ostean, eraikina hustu egin zuen Ertzaintzak, jabeen salaketa jaso zuelako.
Udala negoziazioetan
300.000euro zor dizkio |
Udalaren eta Norvisaren artean hainbat batzar izan dira azken urteotan, baina Norvisak ez du oraindik zorrik kitatu. Udalarena da Barraskiko etxebizitzen inguruko urbanizazio lanak egiteko ardura, baina Norvisari dagokio ordaintzea. Udaleko diru poltsatik diru kopuru bat aurreratu, eta lanekin hasi zen udala; baina, ondoren, Norvisak ez zion ordainketarik egin. Hori izan zen urbanizazio lanak geratzeko arrazoia. Rosa Elizburu alkatearen esanetan, “bere sasoian 120.000 euro ordaindu zituzten, baina harrezkero ez dugu ezer jaso; beti diote proiektuagaz aurrera jarraitu gura dutela eta berehala ordainduko dutela, baina 2012. urtetik hona horrela gabiltza”.
Udalak hainbat urte eman ditu udal kontuetako zenbakiak orekatzen: “Zor zaiguna itzuliko diguten segurtasunik ez badugu, ezin dugu arriskatu”. Hala ere, bitartean Barraski ingurua urbanizatzen dabiltza. “Baserria berriztuta dago, baimen guztiekin; azpiegiturak ahalbidetzea bidezkoa iruditzen zaigu”. Egoera bideratzeko etxebizitzak enbargatzeko pausoak hasi dituztela ere adierazi dute.
Barraskiko etxebizitzen proiektua aurrera ateratzeko “ahaleginak egiten” jarraitzeko asmoa du udalak Elizbururen esanetan: “Egin ahal den guztia egiten gabiltza”.
Inkesta
Zer iritzi duzu Barraskiko etxeen egoerari buruz?
Zer iritzi duzu Barraskiko etxeen egoerari buruz? |