Postontziak zentralizatu, eta posta egunero banatuko dute

Anboto 2014ko urr. 14a, 14:00

Auzolanaren bidez, iaz 31 postontzi unitate –guztira 201– ipini zituzten Arrazola, Axpe eta Santixako baserriguneetan. Postontzi horietako giltzak banatuko dituzte, eta “urriaren 15etik aurrera erabilgarri egongo dira”, Rosa Elizburu alkateak adierazi duenez.


Postontziak zentralizatzeak  abantaila bi ditu. “Postarien lana erraztuko du, banaketa prozesua azkartu egingo delako, eta, ondorioz, astean birritan beharrean, egunean-egunean banatuko dute postetxera heltzen den posta”. Bestetik, ordutegi beragaz postariak denbora luzeagoan eduki ahalko du Apatako postetxea zabalik.

Baserrien jatorrizko izenak

Azken hiletan udala postontziei dagozkien baserrietako jatorrizko izenak batzen eta aztertzen ibili da. Hori izan zen auzo batzarretan herritarren partetik jasotako eskakizunetako bat. Baserrien izenak apurka moldatzen joan direla da urtetako ahozko erabilerak ekarri duen ondorioetako bat. Horregatik, artxiboetara jo, jatorrizko izenak jaso, eta ondoren Euskaltzaindira bidali zituzten. Postontzi berrietan izen biak ipiniko dira: jatorrizkoa eta normalean erabiltzen dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!