Kooperatiba bidezko etxe eredua landagunera zabaldu dute

Anboto 2014ko ira. 7a, 10:00

Kooperatiba bidezko etxebizitzen eredua auzoetara zabaltzeko saiakera egingo du udalak, eta interesatuentzako izen-ematea irekita dago irailaren 19ra arte udaletxean. Izen-ematea landaguneetako partzelak birkalifikatzeko interesa duten lur-jabeei zein lurzati horietan kooperatibazko bizileku proiektuan parte hartzeko interesa duten herritarrei zuzenduta dago.

Udalak Apatan sustatutako kooperatiba bidezko etxebizitza proiektua momentuz ez da gauzatuko, ez delako eskari nahikorik izan. Orain, berriz, landaguneetan saiatuko dira. Izan ere, etxebizitza premia badago, eta lur-jabeak ere bai. Auzoetako landaguneetako lurrek baldintza batzuk bete beharko dituzte birkalifikatuak izateko. Ondoren, prozesuak aurrera jarraitzen badu, udalak interesatuen eta lur-jabeen arteko bitartekaritza egingo du. Gero, formula bat baino gehiago egon daitezke prozesua aurrera eramateko. Lur-jabeek euren lurzatia kooperatibari saldu diezaiokete, edo, bestela, etxebizitzetako bat euren jabetzan geratu daiteke, jabego pribatu moduan. Uztailean batzar bana egin zuten Arrazolan eta Axpen gai hauei guztiei buruz berba egin zuten herritarrekin.

Landaguneetako etxebizitzek baserrien egitura izan beharko dute, eta bizileku bikoak zein gehiagokoak izan daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!