Mikel Allika eta Iñaki Ugarteburu durangarrak, Gorka Azpitarte eskoriatzarra eta Jone Unzalu mañariarra dira aurten tabernaren gidaritza hartu dutenak. “Ilusio handiagaz gaude, eta gauzak egiteko gogoagaz”, adierazi du Alllikak; hamaika ideia dituzte udan igerilekuko giroa alaitzeko. Alde batetik, astean hiru bider gazteei zuzendutako ludoteka antolatuko dute askotariko jokoekin.
Horretaz gainera, hilean birritan musika kontzertuak antolatzeko asmoa dute: “Musika lasaia batzuetan, eta parrandazalea besteetan, denetarik ekartzen saiatuko gara”. Film proiekzioak egitea ere aurreikusita dute. Ekimen hauek igerilekuaren kanpoaldean ipinitako karpan egingo dituzte, uda osoan egongo delako erabilgarri.
Bazkariak eta afariak
Igerilekuan bertan bazkaltzeko edo afaltzeko aukera ere eskainiko dute; otartekoak (begetarianoak ere bai), plater konbinatuak, hanburgesak, razioak... egongo dira. Noizean behin menu bereziak eskaintzeko asmoa ere badutela adierazi dute.