Orain urte bi sorturiko taldea da batukada taldea, eta dozena bat lagun biltzen dira bertan, 16 eta 40 urte inguruko lagunak. Batukada taldeari indarra eman, eta jendea ekimen horretan parte hartzera hurreratzera gonbidatzeko helburuz hautatu dute talde horretako kideek ematea jaiei hasiera.
Domekaro batzen da batukada taldea gaztetxean, eta parte hartu gura duten guztientzat dauzka ateak zabalik.
Hainbat berritasun egin ditu Jai Batzordeak aurtengo jai egitarauan: lehiaketa gastronomikoetan, besteak beste. Orain arte lehiaketa bidez egiten bazuten, tortilla txapelketako sariak zozketa bidez banatzea erabaki dute aurten. Bestetik, ikasturte honetan sukaldaritza tailerrean parte hartu dutenek osatuko dute bakailao txapelketako epaimahaia. Ekainaren 27an, 20:00etan egingo dituzte tortilla eta bakailao txapelketak.
Mahai tresnak etxetik
Mozorro eta Kuadrilla Egunean egingo dutenaren moduko herri bazkarietara bakoitzak bere mahai tresnak eramateko eskatu dute antolatzaileek: plastikozkoak alboratu, eta birziklapenaren alde egiteko. Helburu beragaz, txosnetan, herri tabernan zein gaztetxean berrerabiltzeko edalontziak ipiniko dituzte aurtengo jaietan.