Gaur, 18:00etan, gazte mailako hainbat esku pilota partidugaz gozatzeko aukera egongo da Axpeko pilotalekuan. Ez dira lagunarteko partiduak izango, Atxondoko Gazteen Pilota Txapelketako finalaurrekoak baizik. Lau finalaurrekotik hirutan Atxondoko gazteak izango dira protagonista, eta Iurreta (birritan) eta Abadiño izango dituzte aurkari. Kimuen A mailan, aldiz, Elorrio eta Abadiño lehiatuko dira. Gauean, 22:30ean, ohiturari eutsi, eta txopoa jasoko dute jaiak hasi direla iragartzeko.
Zapatuan ere hainbat txapelketa daude, baina nagusiei bideratutakoak guztiak ere. 17:00etatik aurrera mus txapelketako lehen kanporaketak jokatuko dituzte, eta tortilla eta bakailao txapelketak ere jokatuko dira. Partaide bakoitzak behar dituen osagai guztiak ekarri beharko ditu, eta platerak aurkezteko ordua 21:00etan izango da. Ondoren, herri afarian batuko dira, pilotalekuan; Jai Batzordeak ogia, postrea eta kafea jarriko ditu. Erromeriagaz amaituko dute eguna.
Domekan, 11:30eko mezaren ostean, dantza saioa eskainiko du Andasto dantza taldeak, eta, 13:00etan, mus txapelketako finalak jokatuko dituzte.
Astelehenean ekitaldi bakarra dago, baina denetan esanguratsuena; iluntzean, San Joan sua piztuko dute Axpe inguruko larre batean, eta suaren argitara txokolatea banatuko dute bertaratzen direnen artean.
Martitzenean, San Joan egunean amaituko dituzte jaiak. Goizean igel txapelketa eta jubilatuentzako luntxa egongo dira. Gainera, 16:00etatik aurrera briska txapelketa izango dute.
Zientzilari "txoro" baten asmakizun bereziak domekako ikuskizunean
Domeka Umeen Eguna izango da, eta Atx-Azpi elkarteak askotariko ekitaldiak prestatu ditu. Esaterako, 18:00etan, Zurrumurru antzerki taldearen Barrearen laborategia ikuskizuna egongo da ikusgai. Gaztetxoei zuzenduta dagoen arren, “adin guztietako jendea harrapatzen” duen ikuskizuna dela adierazi du taldeko Nerea Ariznabarretak. Eta bera da harrapatzeko amua, edo, zehatzago esanda, Margarita Matraz zientzialari “txoroa”. Matrazek bere azkeneko asmakizunak ekarriko ditu Axpera: globoekin egindako ohe bat, esaterako. Probeta batetik arrautza egosia zelan atera ere irakatsiko du. Baina bere asmakizunak konplexuegiak dira bakarrik egiteko; horregatik presta daitezela plazako gaztetxoak, denen laguntza beharko du eta!
Jolasak eta pilota partiduak
Barrearen laborategia ikuskizunaren ostean, 19:30ean, umeentzako jolasak prestatu dituzte, eta ahalegin horri laguntzeko txokolatada bat ere bai.
Eguerdian, aldiz, gaztetxoen hainbat pilota partidugaz gozatzeko aukera egongo da Axpeko pilotalekuan. Benjaminetatik haur kategoriara arteko lau mailetan Atxondok Durango, Portugalete, Berriz eta Zaratamo izango ditu aurkari.
Luhartz eta Etzilimuren erromeriak gau girorako
Edozein herritako edo auzotako jaietan lez, musikarik ez da faltako Axpeko San Joan jaietan. Erromeria saio banak alaituko du plaza inguruko gau giroa gaur eta bihar.
Gaur, txopoa jaso, eta berakatz zopa zein txokolateagaz auzotarrek indarrak hartu ostean, Etzilimu taldeak erromeria eskainiko du. Bihar, berriz, Iurretako Luhartz erromeria talde ezaguna izango da agertoki gainetik axpetarrak mugiaraziko dituena bere ohiko dantzekin eta abestiekin. Kontzertua 22:30ean hasiko da.