Cemosa eta Fuchosa inguruko urbanizazio lanak aurten hasi gura dituzte

Anboto 2014ko eka. 4a, 09:00

Cemosa ingurua eta enpresarako sarrera.
Astelehenean 2014ko aurrekontuak onartu zituzten. Fuchosa eta Cemosa inguruko urbanizazio lanen zenbatekoa ere sartu dute: 1.146.303 euro. Enpresek ordainduko dute kostu osoa eta udalak gauzatuko du. “Lanak aurten hastea gustatuko litzaiguke”, adierazi du Rosa Elizburu alkateak.

 

Astelehenean onartu zituzten 2014ko aurrekontuak Gobernu Taldearen (Bildu) aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen, besteak beste, “ez dugulako ikusten enplegua sortzeko edo turismoa sustatzeko  inbertsiorik”, Gaizka Uriarte zinegotziaren esanetan. Aurrekontuak  “gastuak kontrolatuz” osatutakoak  eta “herriko errealitatearen araberakoak” dira, Rosa Elizbururen esanetan. Iaz espero baino diru sarrera gehiago izan zituztela eta horren ondorioz udaleko kontuak “onbideratzen” dabiltzala azaldu zuen. Orain bost bat urte Barraskiko urbanizazio proiekturi ekin zionean udalak 400.000 euroko zuloa egin zuen. Etxebizitzen promotoreak (Norvisak)ordaindu behar zuen urbanizazioa: udalak exekutatuko zuen dirua aurreratuta eta Norvisak (promotoreak) kopuru hori bera emango zion udalari. Udalak urbanizazioaren zati bat egin zuen, baina Norvisak ez zuen sekula ordaindu. 2012ko akordio baten bidez 120.000 euro errekuperatu zituen udalak, baina gehiagorik ez. Orduan egindako zuloak hurrengo urteetako aurrekontuak “baldintzatu” zituela onartu zuen Elizburuk, baina orain kontuak onbideratzen ari direla.

Fuchosa eta Cemosa inguruko urbanizazio lanekin aurten hasi gura dute. 1.146.303 euroko inbertsioa eskatuko du. Enpresa biek eta partikular gutxi batzuek ordainduko dute, baina udalak gauzatuko du. Proiektu hau aurrekontuetan sartzeko Bizkaiko Aldundiarekin kontsultatu eta formula bat baliatu behar izan dute, gastuaren muga ezartzen duen legea betetzen jarraitzeko. Tramite denak gauzatzen badira (proiektua berregin, alegazioak aztertu, behin betiko onarpena eman…)  “aurten hastea gustatuko litzaiguke” dio Elizburuk. 1995ean egin zen urbanizazio horretarako lehen plana eta harrezkero hainbat bider eguneratu dute, baina oraingoz ez da gauzatu. Lan horiek aprobetxatuz, errepidean, enpresa bietarako sarreran, biribilgune bat egiteko asmoa hausnartzen eta negoziatzen dabiltza Aldundiagaz: “Arrisku handiko gunea da. Esaterako, Cemosako aparkalekua bidearen beste aldean dago eta jendeak bidea gurutzatu dezan ez dago semaforo bat ere”.

Etxebizitza sozialak

Arraindegia dagoen eraikinaren atzeko landan kooperatiba bidezko zortzi etxebizitza sustatzeko ahalegina egin du udalak azken urte bietan, baina proiektua bideragarri egiteko ez du jende nahikoak interesa erakutsi. Ondorioz, ideia hori baztertu eta berri bat abiatu dute. Udala bera egingo da zortzi etxebizitzak eraikitzeko gastuen kargu eta hainbat fasetan egingo du; urterik urtera udaleko zenbakiek ahalbidetzen duten heinean. Etxebizitza sozialak izango dira: babes ofizialekoak eta alokairu sozialekoak. Aurten 65.000 euroko atala bideratu dute inbertsioen atalean eta, batez ere, lurrak mugitu eta oinarriak finkatzeko erabiliko dute. Guztira miloi bat eurotik gorako inbertsioa eskatuko du proiektu osoa gauzatzeak, eta horregatik egingo dute faseka. Ondoren, etxebizitza saltzean edo alokairu sozialean jartzerakoan kopuru hori edo zati bat berreskuratuko dute.

Barraski inguruko urbanizazioa

Barraski izeneko baserriari azpiegiturak ahalbidetzeko (ura, argia…) 40.000 euroko atala bideratu du udalak inbertsioetan. Zonaldeari izena ematen dion baserria da Barraski. “Kaltetuak dira eta ez dute kulparik. Baserria erabat amaituta dago eta bizitzera sartzeko prest, baina azpiegiturak falta zaizkie. Baserri horri zerbitzu horiek zelan eman aztertzen ari gara eta horretarako atera dugu 40.000 euroko diru atal hori”.

Anbotoperako asmoak

Arrazolako Anbotope eraikinarentzako ere baditu planak udalak.  Eraikin horretan zeuden elkartekoak eraikina uztera behartzen dituen sententzia jaso dute orain hile batzuk. Ekainean eraikina hutsik geratzea gurako lukete. Etorkizunean aterpetxe moduko bat egin gura dute bertan; herriko turistei ostatua, taberna eta denda eskainiko liekeen gune bat. Ondoko etxebizitza sozialen eraikinean bat hutsik dagoela eta helburu horretara bideratu daitekeela gaineratu zuen alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!