Kulturarteko Batzordearen, eta herriko hainbat elkarteren eta eragileren lanari esker antolatu dute Kulturartekotasun Eguna. Ekimenik gehienak gaurko prestatu dituzte. 11:00etatik aurrera, umeentzako ekintzak egongo dira plazan. Munduko kultura askotako jolasak eskuratu dituzte, eta gaztetxoei horiekin jolasteko aukera emango diete. Jolas horietako batzuk Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez lortu dituzte.
Ondoren, 12:00 inguruan, ongietorri ekitaldia egingo diote castellers taldeari, dantzek eta musikak girotuta. Ordu horretan, munduko janarien dastaketa egiteko aukera ere egongo da udaletxeko arkupean. Urtero-urtero herrian bizi diren jatorri askotako lagunek euren herrialdearen erakusgarri diren platerak prestatu, eta dastagai ipintzen dituzte. Horrela, hainbat herrialdetako kultura gastronomikoa ezagutzeko eta probatzeko aukera eskaintzen dute. Euskal Herrian ohikoak ez diren plater horiek dastatzeko txartelak erosi beharko dira; txartel bakoitzak euro bat balio du. Ondoren, txartel horiek erabiliko dira janarien dastaketa egin ahal izateko.
Bazkalostean, 17:00etan, Castellers del Poble Sec taldearen giza dorreak ikusteko aukera egongo da plazan. Toki berean sabel dantza saioa eskainiko du Saray Al-jalilak.
Kulturartekotasun Eguna musikagaz agurtuko dute. 22:30etik aurrera, Atxondoko eta Elorrioko musikariek osatzen duten Ghetto taldeak kontzertua eskainiko du gaztetxean.
Bestalde, Yarn bombing izeneko artegintza erabilita, pilotalekuko aterpean dagoen zutabe bat kolorez jantziko dute. Eguaztenean elkartu ziren hainbat atxondar gurutze-puntuaren eta kakorratz-lanen bitartez artilea landu, eta, denen piezak batuta, oihal koloretsu eta apaingarri bat sortzeko.
Umeen Euskal Jaia
Andasto dantza taldeak Durangaldeko 300 dantzari gazte bilduko ditu Atxondoko Umeen Euskal Jaian, bihar, domeka. Goizeko 11:00etan castellersak arituko dira, eta 12:00etan kalejira irtengo da, herriko kaleetan zehar. 13:30ean umeak bazkaltzera joango dira. Arratsaldeko 17:00etan, berriz, alardean bilduko dira.