Udalak ordagoa jo dio Aldundiari eta bidegorria berreskuratzeko prozedura abiatu du

Anboto 2014ko api. 29a, 11:28

Gerediaga-Beasain errepideko lanek zuzenean eragiten diote Apatatik Elorriorantz doan bidegorriari. Gobernu Taldeak dio lurzati hori udalarena dela eta desjabetze espedientea gauzatu barik dagoela. Aldundiaren aldetik ez dutenez erantzunik jasotzen, bidegorria prezintatzeko prest daude informe juridiko batean sostengatuta.

 

Obretako langile eta makinak bertatik igarotzen dira eta, gainera, etorkizunean bidegorriaren ibilbidea aldatzea aurreikusita dago. Bizkaiko Foru Aldundiak eremu horretako lurren desjabetzeak eginda ditu jabe pribatuekin, baina ez Udalagaz.  Udalagaz ez du oraindik ezelango desjabetze prozedurarik gauzatu. Izan ere, Udala ez dago bat ere ados Aldundiaren proposamenekin. Alde batetik, udalak zazpi partzela ditu eremu hartan eta denak desjabatzearen truke egin dieten eskaintza ekonomikoa beste toki batzuetan erabili dituzten balioetatik “oso behera” dago Rosa Elizburu alkatearen esanetan: “Proposamen barregarria izan zela uste dugu”.

Bestetik, Aldundiak dio bidegorriak berak hartzen duen lur zatiaren truke ez dietela ezer emango jabetza publikokoa delako. Udalak dio erabilera publikoa duela, baina jabetza udalarena dela. Udalak lurrak erosi zitueneko dokumentoak ditu eta eskrituretan horrela jasota dago. Legeak dio erabilera publikoa duten lur-zatiak jabez aldatzerakoan prozedura horretan inplikatuta dauden administrazioek hitzarmen bat adostu behar dutela, baina horrelakorik ez da eman: "Horrelako azpiegitura handiak egiten dituztenean udaletxe txikiak gutxietsi egiten dituzte", salatu zuen atzoko udalbatzarrean Rosa Elizburu alkateak.

2012 amaieratik hona luzatzen ari den kontua da. Hainbat bider batu dira Aldundiko ordezkariekin, baina ezelango fruiturik gabe. Ondorioz, udalak ordagoa jo dio Aldundiari. Informe juridiko bat osatu du eta txosten horretan sostengaturik bidegorria berreskuratzeko prest dagoela adierazi die. Zehatz esanda, Erakunde Publikoen Ondare Legean eta Erakunde Lokalen Ondasunen Araudian bilatu dituzte argumentu juridikoak (‘Interdictum propium’ izenekoa). Horiek oinarri hartuta Aldundiari jakinaraziko diote bidegorria prezintatu egingo dutela eta obretako inork ezingo duela barrura sartu. Atzoko udalbatzarrean erabaki zuten bide hori hartzea: Gobernu taldeak (Bildu) alde bozkatu zuen eta EAJk kontra. Beraz, Aldundiaren teilatuan dago pilota. Aldundiak hamar egun izango ditu alegazioak aurkeztu edo erantzun bat emateko. Erantzunagaz ados ez badago bidegorria prezintatu egingo du Udalak. Egoera horretan, baliteke Aldundiak epaitegietako bidea hartzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!