Nazioarteko sari bat irabazi berritan, Fuchosak inbertsio berriak aurreikusi ditu

Anboto 2014ko otsailaren 25a

Fuchosako gerente Jose Manuel Gonzalez irudiaren erdian saria jaso ondoren
Automoziorako balazta ekoizleen artean munduko enpresa handienetakoa den CBI-k (Chassis Brakes International) nazioarteko topaketa bat antolatu zuen urtarrilaren amaieran Txinan, eta bertan, Atxondoko Fuchosa enpresari 2013ko hornitzailerik onenaren saria eman zion. Aurtengo urtean zehar ekoizpen maila handitzea ahalbidetuko dion milioi bateko inbertsioa egingo duela ere jakinarazi du Fuchosak.

 

Urtarrilaren 23an antolatu zuen CBI-k enpresarako hornitzaileen mundu mailako eguna (Worldwide Suppliers Day) Txinan, fabrika berria ireki duen Wuhan herrian. Mundu osoko bere 66 hornitzaile batu zituen topaketak, tartean Fuchosa enpresako ordezkariak. Etorkizunari begirako estrategiak, enpresen arteko kooperazioak eta bestelako askotariko eztabaidak garatzeaz gainera,  sari batzuk banatu zituzten eta 2013ko hornitzailerik onenaren saria Fuchosak jaso zuen. Saria Fuchosari emateko arrazoien artean daude, besteak beste, “bere produktuen kalitate maila, fundizio prozesuan egindako hobekuntzak eta erakundearen beharrizanei erantzuteko erakutsi duen azkartasun eta eraginkortasuna”, Atxondoko enpresak prentsa ohar batean jakinarazi duenez.

 

Automozioaren sektorean, segurtasunari lotutako piezak lantzen ditu Fuchosak. Bere pieza denen artean bat nabarmentzen da besteen gainetik: ibilgailuetarako balazten urkila. 2012 eta 2013 urteen artean inbertitutako 3,2 milioi eurorekin pieza hori ekoizteko produkzio lerro zaharra berri bategatik ordezkatu zuten eta, jakinarazi dutenez, azpiegitura berriarekin 40.000 tona pieza ekoiztea lortu zuten 2013an zehar, beste inoiz baino gehiago.

 

Aurten milioi bat euroko inbertsioa

 

Produkzio lerroaren erabateko berrikuntza amaitzeko abeste milioi bat euroko inbertsioa egingo dute aurten. Horrela, ekoizpen ahalmena areagotzea itxaroten dute. Sektoreko eskaera maila igo egingo dela aurreikusiz, 45.000 tona pieza ekoiztera heldu gura dute.

 

Merkatu paneuropearrean, ibilgailuetarako balazten urkilak duen merkatu-kuotaren %45a Fuchosarena dela diote enpresako arduradunek: “Nolabait esatearren, kalean ikusten ditugun ibilgailuen ia erdiek Atxondon ekoiztutako urkilak darabiltzate”, adierazi du Fuchosako gerente Jose Manuel Gonzalezek.

 

Fuchosa ACE (Automotive Components Europe) Taldearen barruan dago, Poloniako EBCC eta Txekiar Errepublikako Feramo konpainiekin batera. Taldearen 2013ko fakturazio orokorra 100 milioi euro ingurukoa izan zen eta guztira 900 langileri ematen die lana; horietako 230 Atxondon dabiltza.

 

Fuchosak iaz martxan ipinitako produkzio lerro berria

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!