Tailerrak eskainiko dituzte gaztetxean, lehenengoz

Anboto 2014ko otsailaren 2a

Atxondoko gaztetxeak lau ikastarotan parte hartzeko aukera eskainiko du lehenengo bider. Hain zuzen, agroekologia, Photoshop, masaje eta elektrizitate tailerrak antolatuko dituzte martxotik aurrera. Izen-ematea gaztetxean egin daiteke otsailean (arratsaldez). Ikastaro guztiak doakoak izango dira.

 

Tailerrak gaztetxeko kideek emango dituzte. Hainbat ogibidetan aditua den jendea dago gazte asanbladan zein gaztetxearen bueltan, eta interesa duten herritarrentzako eskaintza aproposa dela diote; herriko eskaintza zabaltzen ere lagunduko dute ikastarook. Tailerrak ahalik eta aberatsenak izan daitezen saiatuko direla adierazi dute, esaterako, alor bakoitzen aurkitu daitezkeen adituak hitzaldiak eskaintzera gonbidatuta.

Bideo eta film emanaldiak

Agroekologia, Photoshop, masaje eta elektrizitate tailerretaz gainera, udara arte egin zuten eta oso harrera ona izan zuen ekimena berreskuratuko dute otsailetik aurrera gaztetxean: dokumental eta film emanaldiak. Otsailean hasi eta apirila amaitu arte, hilabetean birritan eta eguenetan eskainiko dituzte bideo emanaldi horiek Atxondoko gaztetxean.Iazko irailera arteko emanaldiak Elorrioko gaztetxeagaz batera antolatu zituzten, eta jende askok parte hartu zuen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!